Zumaiarren doinuak

Aitor Ramosen doinuak

Erredakzioa 2021ko ira. 15a, 09:00

Asteazkenero zumaiar batek aukeratutako bost abesti jasoko ditugu, eta Aitor Ramosen txanda da orain. Bateria jotzailea eta Dardarafest musika jaialdiko antolaketa taldeko kidea, haren bizitzan nolabaiteko esanahia izan duten bost abesti hautatu ditu.

Zaila egiten zait abesti aukeraketa bat egitea, abestiak garai baten argazki moduko bat baitira niretzat, eta estilistoki oso irekia naizen aldetik, garai ezberdinetan ere joera oso ezberdinak izan ditut. Urteetan gora noanez, amaigabea izan liteke hortaz oso gogoko ditudan abestien zerrenda eta ondorioz niretzat garrantzitsuak izan diren melodien aukeraketa.

Proposamen hau hamargarren Dardara Fest jaialdiaren aurre-prestaketen barne jaso nuenez, hamar edizio hauetan pasa diren taldeen eta hauen abesti baten arteko aukeraketa bat egitea erabaki dut, zeinak noski, niretzako bizitzako momenturen batean zer esanik izan duten.

1. Habeas Corpus – Fascismo nunca más

Madrilgo talde hau ez zen estilo hauetan ezagutu nuen lehenengoetakoa izan. Abestiren bat entzuna nuen arren, 2009 urtean Zestoako Leize taldearekin lanean aritzen nintzelarik, Valentzia-ko Gazpatxo Rock jaialdian izan ginen eta beraiek ere han jotzen zuten. Eman zuten zuzenekoa asko gustatu zitzaidan eta dezente jarraitu nituen denbora batez. Abesti hau aukeratu dut, bertan momentu batez, besteak beste, euskaraz abesten dutelako, eta honek beti hunkitu izan nauelako normalean beste hizkuntzak erabili ohi dituzten nire gustuko taldeetan.

2. Hamlet – Antes y Después

Insomnio diskoarekin ezagutu nuen Madrilgo talde hau. 1998. urtean kaleratu zuten lana eta esan dezaket asko jarraitu nituela gerora. Nire gaztaroko oroitzapen asko ekartzen dizkit. Lehen pausoak musika taldeetan eta bateriarekin, gaztaroa eta lehen parrandak, etab. Gainera, Veronika decides to Die taldean aritzen nintzenean, San Telmo batzuetan beraiekin eskenatokia partekatzeak oroitzapen oso politak ekartzen dizkit. Abestiari berari dagokionean, duen melodiak eta batez ere letrak beti eman izan dit halako zirrara bat.

3. Capsula – All to be with you

Beraiekin teknikari lanak egin ohi zituen lagun baten bitartez ezagutu nituen, zuzeneko batera joateko gonbitea jaso ostean. Taldeaz ezer gutxi nekien baina jakin nuen egoitza Bilbon duen gehiengo argentinardun talde honek bazuela ibilbide esanguratsu bat Ameriketan ere, eta egia esan beraien musikan kutsu hori nabaria dela iruditzen zait. 2006. urtean kaleraturiko Songs & Circuits diskokoa da abestia eta “rollo ona” transmititzen dit, oso gustukoa dut.

4. Willis Drummond – Anai

Asko dira oso gustuko ditudan Iparraldeko taldearen abestiak, baina bat aukeratzekotan hauxe aukeratu dut. A ala B disko bikainaren parte da, 2012. urtean kaleratua. Letraren amaierak sekulako mezua eta indarra duela iruditzen zait; zurrunbilo musikal moduko batean sartu izanaren sentsazioa sortzen dit amaitzeko.

5. Cobra – Legarreko kanpaiak

Azken boladan barreneraino sartu zaidan kantuetako bat dela esan dezaket. Niretzat, oraina ordezkatzen du eta indarra ematen dit. Badirudi taldeak entseatzen duen lokala dagoen Eibarko auzoari edo musika taldeei omenaldi bat dela, baina mezu handia du letrak, baita melodiak ere. Taldeak nagusiki ingeleraz abesten duela kontuan izanik, agian nire aukeraketaren lehen abestian aipaturikoak ere izan du nigan eraginik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide