Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du koronabirusaren herriz herriko bilakaeraren berri ematen duen txostena, eta dokumentuaren arabera, eskualdean zazpi positibo atzeman dituzte. Azkoitian zenbatu dituzte positibo gehien; zazpi kasu detektatu ditu Osasun Sailak han, eta intzidentzia tasa puntu batzuk igo da. Egun 191,94koa da zenbatekoa Azkoitian. Eskualdeko gainerako positiboak Azpeitian eta Zestoan hauteman ditu Osasun Sailak. Azpeitian bi positibo detektatu dituzte, eta intzidentzia tasak behera egin du han, 236,53ko kokatzeraino. Zestoan, aldiz, positibo bat baieztatu du Jaurlaritzak, eta 359,53ko tasa metatua dute.
Eskualdeko gainerako herri guztietan ez dute positiborik hauteman azken orduetan. Hori horrela, 5.000 biztanletik gorako herri guztiak daude eremu horian gaur-gaurkoz. Orion 130,46ko intzidentzia tasa dute, 175,61ekoa Zarautzen eta 254,40koa Zumaian. Herri horietan guztietan behera egin du, gainera, kasu metatuen tasak.
Intzidentzia tasa, beheraka
Hego Euskal Herriko intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du etenik gabe. Azken orduetan beste hamahiru puntu egin du behera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbatekoak, eta 327,18koa da datua egun. Atzo, astelehena, 427 positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian Osasun Sailak eta Osasunbideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.570 proba egin zituzten, eta guztira, 349 positibo hauteman zituzten –35 Araban, 206 Bizkaian eta 105 Gipuzkoan–. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hiru lagunek ere positibo eman zuten gaixotasuna atzemateko probaren batean. Positibotasun tasa %5,3koa da lurralde horietan. Nafarroan, aldiz, 1.619 proba egin zituzten atzo, eta 78 positibo detektatu; positibotasun tasa %4,8koa da orain han.
Ospitaleen egoeren berri ere eman dute bi osasun sailek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 31 gaixo ospitaleratu zituzten, eta egun 196 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan; ZIUetan, aldiz, 72 lagun daude. Nafarroan, ostera, lagun bat ospitaleratu zuten atzo, eta gaur 80 pertsona daude erietxean. 25 dira zainketa berezien unitatean dauden herritarrak.