Arrauneko urteko hitzordu nagusienaren atarikoak ekin dio. Gaur arratsaldean jokatu da sailkatze estropadetako bat, emakumezkoena, hogei ontziren parte hartzearekin. Donostiarra zuzenean sailkatuta, zazpi txartela zeuden jokoan, eta beste etxeko talde batek egin du oihu ozenen: Euskotren Ligako txapeldun Donostia Arraun Lagunek-ek. Egundoko denboran (10:54,00) osatu du erlojupeko estropada, baina ez da bakarra izan. Oriok ere saio ederra egin du, batez ere poparean, eta kontuan edukitzeko 11:02,46ko denborarekin, bigarren sailkatu da. Oriotarrak azken bi ediziotako txapeldunak dira, eta aurten ere garaipena defendatzeko asmoa dute.
Zumaiak ez du lortu Kontxako bi igandeetarako sailkatzea. Telmo Deunek aukera batzuk izan zitzakeen, baldin eta bere arraunketa ongi eginez gero eta gainerakoek zer egiten zuten ikusita. Eta halaxe gertatu zaio: estropada txukuna jokatu du, baina hamaikagarren sailkatu da. Kontua da Kontxako sailkatu den azken txaluparekiko –Galiziako Chapelarekiko (11:16,02)– hiru segundo pasatxoko aldea baino ez duela izan; eta tartean, San Juan, Ondarroa eta Cabo helmugaratu direla.
Sailkatze estropada hasi aurretik zalantzak zeuden edo, behintzat, euskal klubak adi-adi zeuden Galiziako traineruek izan zezaketen mailarekin; izan ere, hiru itsas miliako estropadak jokatzen dituzte han. Begi guztiak Galiziako Ligako txapeldun Cabo eta txapeldunorde Chapelarengan jarrita zeuden. Baina, azkenean, uste baino maila apalagoa eman dute, eta Chapela bakarrik sailkatu da. Beraz, ondorengo zazpi hauek sailkatu dira Kontxarako: Donostia Arraun Kirolak, Orio, Hondarribia, Tolosaldea, Deusto, Hibaika eta Chapela, hurrenez hurren.