Arraunerako oso exijente zegoen itsasoa gaurkoan, gizonezkoen Kontxako sailkatze estropadan. Badiaren kanpoaldean haizeak bortizki jotzen zuen ipar-ekialdetik, eta txalupak balantzaka egiten zuten aurrerantz lehen luzean, kasik ezinean, bakoitzak kale egokiena bilatu nahian. Teknikoki zaila zegoen arraun eremua, eta asmatzen ez zuenak denbora asko galtzeko arriskua zuen. Eusko Label Ligako sailkapeneko lehen postuetan kokatuta dauden traineruek ez dute hutsik, eta horiexek sailkatu dira inolako arazorik gabe.
Santurtzik egin du erlojupeko denborarik onena (20:23,68), eta Orio izan da eskualdeko ordezkarien artean Kontxako bi igandeetarako sailkatu den bakarra. Bosgarrena izan da, Santurtzirengandik 20 segundora; izan ere, itsaso zakarren eraginez, arazoa izan dute ziaboga txukun hartzeko eta ontzia joan zaie.
Ezustea, nolabait esateko, Galiziako taldeek eman zuten. Eusko Label Ligan beheko postuetan ibili izan dira Ares eta Cabo, baina gaurkoan estropada serioa jokatu dute eta barruan sartu dira. Zuzenean sailkatuta dagoen Donostiarra etxeko taldearekin batera, ondorengo zazpi ontziak ariko dira Kontxako Bandera eskuratzeko lehian: Santurtzi, Hondarribia, Zierbena, Cabo, Orio, Urdaibai eta Ares; hurrenkera horretan sailkatuta.
Zumaiak, bere aldetik, ez du gaurkoan ere Kontxako txartelik lortu. Hemezortzigarren sailkatu da 21:50,44ko denbora eginda. Zarautzek eta Getariak ere ez dute Kontxako sailkapenik lortu.