Iazko urte amaieran Marlikek bigarren diskoa aurkeztu zuenetik, ezin izan duzue kontzerturik eman. Uda honetan, ordea, bi kontzertu eskainiko dituzue aspaldiko partez.
Konfinamendu orokorraren ostean atera genuen gure bigarren lana, Azaletik ezabatu baino lehen. Sormena ez denez geratzen, disko hori argitaratzea modu bat izan zen hilabete horietan sortu genituen abestiak fisikoki nonbaiten uzteko. Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztu genuen diskoa urte amaieran, baina gero hor geratu zen; punta batean bizi gara taldekideetako bakoitza, eta, beraz, ez da hain erraza elkartzea eta kontzertuak ematea.
Orain zortea izan dugu, eta bi kontzertu emango ditugu udan. Neil Youngen omenezko Rust Fest jaialdian izango gara Azpeitian, eta Neil Youngen abestien bertsioak nahiz gure zenbait kantu nahastuko ditugu gure emanaldian. Berezia izango da, gure aurreneko abestiak artista horren bertsioak izan zirelako; santelmoetako Bertsio Gauean jo genituen, eta hortik sortu zen Marlik.
Zumaian ere izango zarete.
Bai, baina kasu horretan, gure emanaldi bat izango da espresuki. Disko berriko kantuak eta zenbait abesti zahar joko ditugu, baina data gerturatu ahala sentitzen dugun segurtasunaren araberakoa izango da errepertorioa, egia esan. Oraingoz taldekideak ari dira entseatzeko elkartzen; beraz, kontzertuetan musika zoragarri entzungo da, ziur. Beste kontu bat izango da ea abeslariak nola erantzuten dien musikariei.
Oholtza gainean jotzearen hutsunea sentitzen al duzue?
Bai, nik asko sentitzen dut kontzertuen falta, eta pentsatzen dut taldekideek ere baietz. Hala ere, taldekideekin elkartzearen eta entseatzearen hutsunea ere sumatzen dut. Gauza bat da musika egitea eta horrekin gozatzea, baina, horretaz gain, garrantzitsua da jendearekin egotea eta feedbacka izatea. Musika partekatzen den zerbait da azken finean, eta osagaietako bat falta denean, besteek ematen dizutena, erdizka geratzen da.
Marliken zenbait abestitan, kantatzeaz gain, gitarra ere jotzen dut. Hortaz, bakarka ere lortzen dut nolabait entseatzea. Bestela, musika jarri eta horren gainetik abesten dut. Nola edo hala lortzen dut zerbait egitea, baina ez da berdina.
Badira ia hiru urte Lisboan bizi zarela. Hor ba al duzu proiekturik esku artean?
Portugalgo fadoen inguruko ikastaro bat egin nahi nuen, baina pandemia zela eta, azkenean ezin izan nuen egin. Bertsolaritzatik nator ni, eta fadoek atentzioa eman zidaten. Bertsolaritzarekin izan ditzaketen loturak aztertu nahi nituen.
Duela hamar urte inguru entzun nituen fadoak lehenengoz. Gitarra batekin eta ahotsarekin soilik sortzen dira, eta iruditu zitzaidan zerbait izan behar zutela inprobisaziotik. Fado tabernetara joaten eta jendeari galdetzen hastean, esan zidaten baduela inprobisazio puntu bat, baina ez bertsolaritzak daukanaren berdina, agian. Bertsolariok melodia jakin bat eta gai jakin bat izaten ditugu, eta horrekin sortzen dugu letra. Fadisten kasuan, aldez aurretik dituzte letrak, mila melodia posiblerekin bateratzeko. Fadistek gitarristekin adosten dute, giroaren arabera edo bururatzen zaienaren arabera, zein tonalitaterekin abestuko duten. Eta horrela hasten dira. Dakizkiten fado guztietatik, zein kantatu aukeratzen dute, baita haien artean nola konbinatu ere. Bitxia da, baduelako inprobisazio puntu bat gitarristen aldetik ere.
Lisboan egonda, nola bizi izan duzu pandemia?
Itxialdia ezartzean, nolabait, bere espazioan harrapatuta geratu zen gutako bakoitza. Hala ere, lehen baino gertuago geundela sentitu nuen hainbatetan; hainbeste bideo dei eta abar egiten genituen… Baita aspalditik hitzik egiten ez genuen jendearekin ere. Uste dut pandemiak hurbildu egin nauela familiarengana, baina, aldi berean, fisikoki urrutiago egon naiz, berez.
Bestalde, uste dut itxialdiaren aurretik erritmo frenetiko batean bizi ginela eta, bat-batean, itxialdiarekin, konturatu ginela ez dela posible erritmo horri eustea. Gero eta azkarragoa zen erritmoa, egunerokotasunean leku batera eta bestera iristea, eta uste dut egoera honek guztiak erakutsi digula gauzak polikiago egiten. Denboraren eta espazioaren arteko harreman horiek gogoeta eginarazi didate.
Itxialdiak, horretaz gain, sormenerako aukeraren bat ere irekiko zuen agian…
Gure etxeko leihotik begira egoten nintzen sarri, eta kalea ikusten zen handik. Kale hori aztertzen hasi nintzen pixkanaka, eta letra ugari idatzi nituen ikusten nuenari buruz: nire bizilagunak, egunero pasatzen zen zabor biltzailea, egunero pareko teilatura joaten zen txori bat... Gu geldirik geunden baina kanpoan, nolabait, munduak jarraitu egiten zuen. Letra asko sortu nituen horrela, lehen begiratzen ez nituen gauza horiei erreparatuta. Eta, esan bezala, Marliken bigarren diskoa ere bada itxialdiaren emaitzetako bat.
Gerora konturatu naiz tristurara jotzen dutela garai hartan idatzi nituen letrek. Gure azken diskoa entzun dutenek esan izan digute aurrekoa baino astunagoa dela, letrak gogorragoak direla; baxuaren presentzia ere handiagoa da. Baina normala da, pandemiaren aurretik hasi ginen abesti horiek sortzen, baina pandemia garaian amaitu genuen prozesua. Orduan, sormenean ere eragin zuen horrek. Espero dut gure hurrengo lana alaiagoa izatea; letrei dagokienez, behintzat, saiatzen ari naiz.
Baduzu ohitura unean-unean bururatzen zaizuna idazteko?
Bai, nik uste dut bertsotan aritu izan den edonork baduela ohitura. Bat-batean esaldiren bat edo ideiaren bat bururatzen zaigu, eta azkenerako, kafetegi batean hartutako ezpainzapi batean idazten dugu. Lehen koadernotxo bat eramaten nuen, baina orain, sakelakoarekin, edozein unetan gorde dezakezu han ohar bat, edo Whatsapp bidez bidal dezakezu gorde nahi duzun esaldia.
Askotan gertatzen da zerbait idaztea, une horretan pentsatzea zentzua duela, eta hurrengo egunean, irakurtzean, pentsatzea: “Zertarako idatzi ote nuen hori? Ez dut ulertzen zer esan nahi nuen”. Baina, tira, uste dut sormenak lekuarekin eta momentuarekin zerikusi handia duela. Eta ez da erraza, bestalde, une jakin batean eta sentimendu jakin batekin idatzitakoari, gero, doinua eta melodia jartzea; sentitu duzunari doinua eta melodia jartzea.
Oso gaztetatik bertsolaritzan nahiz piraguismoan aritutakoa zara zu. Zerbait geratzen al da Maialen Velarde gazte hartaz?
Nik uste dut gauza guztiek ematen digutela zerbait. Garai hartatik, oraindik geratzen zait gauza berriak probatzeko gogoa; gaztaroan hori izan zen nire esperientzia, mundua jateko gogo hori banuen. Esperientzia berriek ase egiten gaituzte, eta guztiek uzten digute zer edo zer.
Bertsolaritzak, esaterako, eman dit sortzen jarraitzeko gogoa. Baita gaitasuna ere, nire irakasleek hala egiten erakutsi zidatelako. Piraguismoak, bestalde, lehian arreta jarri ahal izatea eman dit, baina lehia diodanean, zentzu onean diot. Ikasi nuen, entrenamenduarekin eta esfortzuarekin, pazientziarekin eta denborarekin, hel gaitezkeela iristeko gai ez ginela iruditzen zitzaigun helmugetara. Ikasi nuen pazientzia izan behar dela eta bidean lan asko egin behar dela; jarritako helmugetara iristen bazara, ondo, eta iristen ez bazara, hurrengo batean iritsiko zara edo helmuga berriak agertuko dira.