Lehen ere festa eta jai ugari ospatzen ziren Zumaian, urte guztian zehar, baina batez ere bi ziren inportanteenak, herriko zaindari ofizialak zirelako: bata, orain bezala, San Pedro eguna, ekainaren 29an; bestea, berriz, Doloretako amaren eguna (gaur egun irailaren 15ean, baina lehen apirilean ospatzen zen).
Sanpedroak ospatzeko ekitaldiak asko eta askotarikoak izaten ziren: ezpata dantza solemnea, udal agintarien eta agintari erlijiosoen prozesioan; oso aspalditik botatzen ziren katxaperoak gurean, eta 1844an badaude erreferentziak nola suziriak eta su artifizialak jaurti zituzten festetan; garaiaren arabera, programa aldatu egiten da, baina antzeko osagaiekin: pilota partidak, aizkolariak, Lizarrako dultzaineroak, buruhandiak eta erraldoiak… Baina sanpedroetako ekitaldi nagusiak, XIX. mendean, zezenketak eta sokamuturra izaten ziren; horrela, 1842an, “acordaron que el mismo día de San Pedro y el siguiente se corran dos vacas en la plaza pública de esta villa”, baita 1844an ere: “se corran dos vacas en la plaza pública cerrándola con barreras”; sanpedroetan gutxienez bi zezenketa izaten ziren, eta batzuetan lau ere bai, eta behin zezen plaza jarrita, korrida gehiago ere egiten zituzten udan, batzuetan Udalaren ekimenez, beste batzuetan herritarrek bultzatuta; adibidez, 1865ean, Lino Ostolaza prest zegoen sanpedroetan hiru zezenketa antolatzeko, diruz lagunduz gero Udalak. Zezenketak hasieran Goiko plazan izaten ziren, egurrekin itxitura propio eraikita, baina Arrangoletan betelana egin zutenean, han egiten hasi ziren (1913tik aurrera). Zezenketetarako, gehienetan kanpoko toreroak eta zezenak ekartzen zituzten, baina herritar batzuek ere eskaintzen zuten euren burua toreatzeko, baita Udalak onartu ere; adibidez, 1910ean: “De la carta del novillero Fortunato Gorostola, hijo de este pueblo, por la que ofrece sus servicios para las novilladas que se celebran los días del Santo Patrono; quedaron enterados y acordaron se tome buena nota de este ofrecimiento”. Zezen haien haragia erosi egiten zuten harakinek: 1921ean, 5 kg bakoitzeko 13 pezeta ordaindu zuten. Behin zezen plaza muntatuta, bestelako ekitaldietarako ere erabiltzen zuten (adibidez, 1923an, Santiago egunean, “charlotada” egiteko eskaera egin zioten Udalari); azkenik, zezenketa batzuk ongintzarako dirua biltzeko izaten ziren, esate baterako, Ospitalerako (San Juan egoitzarako). Gero, XX. mendearen hasieran eta 1930eko hamarkadatik aurrera, zezenketak baztertu eta pilota partidek protagonismo handiagoa hartu zuten sanpedroetan; gainera, beste ekitaldi batzuk ere antolatzen hasi ziren: kalejirak; erromeriak; txirrindulari, asto eta saltaka lasterketak; euskal dantzen lehiaketak; boxeo borrokaldiak…; jaiak zirela eta, izaten zen polemika eta sesioa, ordea; adibidez, 1918an, eztabaida handia izan zen bandak non jo behar zuen, Goiko plazan edo Behekoan, eta Udalak erabaki zuen Behekoan jotzea; baina 22 lagunek idatzia sartu zuten udaletxean, eskatzeko beti bezala Goikoan jotzeko, eta horiei erantzuteko, beste 122 lagunek babestu egin zuten Udalaren erabakia; orduan, Goiko plazako bizilagun batzuek baimena eskatu zuten festetan dultzaina jotzeko. Festetan apaingarri, 1905ean, arku voltaikoak jarri zituzten Goiko plazan eta udaletxearen fatxadan.
Doloretako amaren egunean ez zen izaten sanpedroetan adinako ospakizunik eta festarik, baina askotan aitatzen da paperetan herriko zaindaria zela (“patrona de la villa”) eta udalbatza meza nagusira joaten zela.
Santelmoak dira gure festarik kutunenak gaur egun, baina goraldia azken urteetakoa da, lehen ez zeukaten hainbesteko fama eta oso festa xumeak ziren, sanpedroekin alderatuta. Ez zituen Udalak antolatzen, baizik eta Marinelen Kofradiak, eta Udalak gastuen 2/3 edo % 75 ordaintzen zuen. Urtero antzeko programa izaten zen, aldaketa handirik gabe: musika bandaren edo orkestraren baten emanaldia eta dantzaldia, txistulariak, trikitia, prozesioa...
Deun Jakobaren (Santiago) egunerako euskarazko programa, 1931ko uztailean. (Zumaiako Argazki Artxiboa)
Baina bestelako jaiegunak ospatzeko tartea ere hartzen zuten zumaiarrek. Horrela, San Joan egunaren bezperan, su festa izaten zen Sanjuaniturrin, uriartetarren ekimenez, eta ez da askorik aldatu ohitura hori. 1871n, San Ignazio eguna zela eta, Udalak agindu zuen “se haga alguna función en la ría, sin que el gasto exceda de una cantidad módica, invitando a los marineros a que cedan las lanchas para que se pasee la gente”. Oikian sanbartolomeak ospatzen ziren abuztuaren 24an, eta musika banda eta udal ordezkariak hara joaten ziren, jaiak “solemnizatzera”; 1899an, gainera, Udalak erabaki zuen Zubiaundia paperezko 50 faroltxorekin argitzea San Bartolome gauean, eta bertsolariak ordaintzeko dirua eman zuen; 1931n, berriz, Udalak adierazi zuen bazkaria eta salda beste gasturik ez zuela egingo, gerrikoa estutu beharra zegoelako, eta galdetu zien oikiarrei ea txistulariekin eta trikitilariekin konforme ziren. Artadiko festa handiak sanmigelak ziren, eta udal ordezkariak hara ere joaten ziren; agirietan jartzen duenez, Udalak txistulariak eta trikitia ordaintzen zituen. Santiagoak aspalditik ospatzen ziren Santiagoko hondartzan, eta horren froga da 1886an izandako istiluak, erromeriaren amaieran borrokaldia izan baitzen, eta Eusebio Gurrutxaga alkateak berak ere hondartzara joan behar izan zuen, mikeleteek lagunduta, giroa baretzera; gero, Zuloagak terrenoa erosi eta bereganatu zuen (1910ean), eta handik aurerra ere ospatu zen eguna; gainera, Santiago egunean kanpotar asko egoten zirenez, beste ospakizun batzuk ere izaten ziren herrigunean: musika bandaren emanaldia, uretako jolasak, zekorketak, korporazioa meza nagusira joatea...; 1899an, Espainiako patroiaren eguna zela-eta, Odietako pasealekua (Beheko plaza) argiztatzea erabaki zuen Udalak, 50 edo 60 argi gorirekin.
Jaiak antolatzeko, Udalak jaietako batzordea zeukan, baina kanpoko laguntzaileak ere izaten zituen, tarteka: 1886an herritar batzuek idatzia sartu zuten udaletxean, laguntzeko prest zeudela antolatzeko eta batzorde bat eratzeko; 1923an, Irnio Club eta Athletic Club ondoan izan zituen, eta berrikuntzak izan ziren programan (lasterketak, futbol partidak…); 1936an, sanpedroetan laguntzeko bere burua eskaini “Euzko Gaztedi Kiroltzalea”-k...
1952 inguruko santelmoetako argazkia. Batzuek oraindik ezagutu dute beren burua. (Javier Carballok utzia)
Udaran kanpotar ugari etortzen ziren Zumaiara, egunpasa edo uda osoa pasatzera, eta udatiarrei begirako ospakizun edo entretenimendu bereziak antolatzen zituen Udalak, gehienetan errioan, mareaje ona edo itsasgora aprobetxatuta: kukainak, uso jolasak, ahate jolasak, estropadak…, betiere antzeko hitzak erabilita: “para entretenimiento de los forasteros y solaz de la colonia veraniega”. Horiez gain, pilota partidak ere antolatzen zituzten, igandeetan. 1905ean, iraila izanagatik, artean “nahikoa” kolonia bazegoela eta, Udalak erabaki zuen bandak jotzea Odietako pasealekuan. Gainera, batzuetan kanpotarrek eurek egiten zituzten proposamenak: 1918an, Forondako markesak proposatu zuen uztailean, iola estropada zenean, beste ikuskizun batzuk ere jartzea, eta hiru sari emango zituela; agian erregea ere etorriko zela, eta komeniko zela balkoietan zintzilikarioak ere jartzea, apaingarri.
Programan jartzen zuenaz gain, ordea, uda garaian eta zumaiarrak entretenitzeko bestelako eskaintza osagarri batzuk ere iristen ziren gure herrira: 1904an, Jose Gonzalezek baimena eskatu zuen tiobiboa jartzeko, eta Odietako pasealekuan ezarri zuen; 1907an (eta hurrengoetan), Goiko plazako portikoetan (gaur egun “Arkupe” dagoen horretan) zinematografoa jartzeko eskaerak izan zituzten; 1913an, Victor Arisek eskaera egin zuen erruleta edo “billar romano” bat jartzeko kalean; 1931n, Antonio Villanuevak baimena eskatu zuen sanpedroetan “un aparato de columpios” jartzeko, eta Goiko plazan ezarri zuen; 1935ean, Jose Arratibel villabonarrak gezi jaurtiketarako barraka jartzeko baimena eskatu zuen; 1934an Cirque Olympia etorri zen, uztailaren 24an, eta emanaldia izan zen Amaiako plazan; 1935ean Circo Norte etorri zen…
Ikus daitekeenez, lehen ere bazen festetarako aukera; laster izango ahal dugu guk ere, berriz!