1. Brigada Criminal – Ta hik zer?
Bada dioenik nerabezaroan entzundako musika dagoela edozein pertsonaren musikazaletasunaren oinarrian. Ez dakit hala den, baina ni sarritan itzultzen naiz orduan entzundako taldeetara. Uste dut kuadrillako baten bidez ezagutu nuela Brigada Criminalen ‘Gure mandamentuak’ diskoa, eta flipatu egin nuen haien soinuarekin eta jarrerarekin. Buklean entzuten nuen, hasi eta buka. Kuadrillako askok geneukan disko horren kopia bat, kalitate oso eskasekoa, urteetan entzun izan dudana, nahiz eta soinu desatsegin konstante bat entzuten zen atzean. Belarria eginda nuen horretara, baina azkenean Durangoko Azoka batean erosi nuen diskoaren kopia originala. Taldearen diskografia osoa da goitik behera entzutekoa, baina bat aukeratu behar, eta ’Ta hik zer?’’ aukeratu dut.
2. Deabruak Teilatuetan – Hau da ene ondasun guzia
Beste punk-rock abesti bat; hau ere melodiko xamarra. Deabruak Teilatuetan taldeak musikatutako Joseba Sarrionandiaren olerki bat da, ‘Hau da ene ondasun guzia’ disko-liburuan datorrena. Poema bera ederra bada, Deabruak Teilatuetanekoen doinuek indar berezia ematen diotela iruditzen zait. Asko gustatzen zaizkit literaturako eta zinemako erreferentziak dituzten abestiak, eta, gainera, uste dut halako keinuak egiten dituzten hitzak askotan oso ondo ezkontzen direla punk, rock eta hardcore doinuekin. Etortzen zaizkit hortik asko edan duten talde interesgarri dexente.
3. Dut – Jauzia
Dut-en inguruan hitz egitean, askotan esan izan da ordura arteko ibilbidearekin eten egin zuela nolabait, eta bestelako doinu eta erritmo batzuk ekarri zituztela 1990eko hamarkadara, punkak markatutako hamarkada baten ondoren. Garai hura ez nuen ezagutu, baina gerora talde hori izan da niretzat ere bestelako talde askorengana hurbiltzeko zubia, BAP!, Ama Say, Izaera, Willis Drummond, eta beste izan diren bezala. Talde kuttunenen artean daukat Dut, eta bereziki zaila egin zait, haien kasuan, abesti bat aukeratzea. ‘Jauzia’ abestitzarra hautatu dut, baina beste edozein izan zitekeen.
4. Inoren ero ni – Tanger
Euskal Herrian egun entzun eta ikusi daitekeen talde onenetariko bat da Inoren ero ni niretzat, onena ez esatearren. Haiena izan zen zutik ikusi nuen azken kontzertua ere: sekulako trantzea. Taldearen izen bereko diskoko ‘Tanger’ abestia aukeratu dut. Kanta ederra da, eta uste dut konbinatzen dituela taldearen alderdi melodikoena haren ohiko soinu bereziarekin eta erritmo aldaketekin.
5. Orbel – Hegan
Aktibo dagoen beste talde bat: Orbel. 2017an sortu zen Baionan, eta taldekideetako batzuen aurreko taldeak ezagutzen nituelako piztu zitzaidan interesa. Batzuentzat atmosferikoegia eta ilunegia izango da agian, baina ni harrapatuta nauka aspaldian.