Ez dute koronabirus kasurik zenbatu azken orduetan

Maria Maya Manterola 2021ko ira. 17a, 13:11

Astebeteko epean hiru izan dira Zumaian zenbatutako kasuak. Hego Euskal Herrian, bestalde, 191 kasu zenbatu zituzten atzo. Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da, herenegun baino 65 pertsona gutxiago baitaude Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu du azken orduetako koronabirus kasuen berri dakarren txostena. Horren arabera, ez dute koronabirus kasu berririk hauteman Zumaian, eta eremu horian jarraitzen duen arren, beheranzkoa da intzidentzia tasaren joera. Datu berriekin 142,46tik 111,94ra jaitsi da.

Urola Kostan, berriz, 11 kasu positibo hauteman zituzten atzo, osteguna; asteazkenean zenbatutako kopuru bera. Azpeitian eta Azkoitian lau eta hiru kasu zenbatu dituzte hurrenez hurren. Kasu horien eraginez, gora egin du intzidentzia tasak Azpeitian –223,39tik 249,67ra–;  Azkoitian, berriz, zertxobait jaitsi da –223,66tik 208,63ra–. Orion eta Zarautzen, bestalde, kasu positibo bana detektatu zuten atzokoan; Orion, 146,77ko tasa dute, eta Zarautzen, 132,78koa. Zestoan, berriz, bi koronabirus kasu detektatu zituzten.

Gainerako herrietan ez zuten positiborik atzeman, eta beraz, jaitsi egin dira herri horietako intzidentzia tasak. Hala eta guztiz, Zumaiarekin batera, eremu horian jarraitzen dute 5.000 biztanletik gorako eskualdeko gainerako herriek ere. 

Ospitaleetako egoera, hobera

Hego Euskal Herrian 6.915 proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 191k izan zuten emaitza positiboa. Bizkaian zenbatu zuten kasu kopuru altuena: 86. Gipuzkoan 56 izan ziren, Araban 20 eta Nafarroan 28. Positibotasun tasak bere horretan jarraitzen du: jaitsi egin da emaitza positibo kopurua, baina baita lurralde guztietan egindako proba kopurua ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 3 da positibotasun tasa, eta Nafarroan, % 1,9.

Ospitaleetako egoerak zertxobait hobera egin du azken orduetan. Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan 153 lagun daude, horietatik 50 ZIUetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 24 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta Nafarroan hiru. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide