Hondarribiko Grand Slama osatuko duten bost jardunaldietatik lehena jokatu zen atzo Jostaldi frontoian. Jai Alai World Tourrerako puntuagarria den txapelketa da, eta ikusleen interesa piztu zuen: 200 ikusle inguru gerturatu ziren jaialdia osatu zuten bi norgehiagokak jarraitzera.
Zumaiako bi puntistak hartuko dute parte txapelketa honetan, eta biek zuten partida atzo. Iñaki Osa Goikoetxeak Aimarrekin osatu du bikotea, eta Erkiaga eta Etchetoren aurka neurtu ziren atzo, A multzoko partidan. Bi aurrelari handien lehia espero zen atzo, eta hala izan zen.
Lehen setak Erkiaga eta Etchetoren alde bukatu zuen. Seta berdinduta joan zen (5-6, 7-9), baina amaieran bosgarren martxa sartu zuten Erkiagak eta Etchetok, eta 8-15 emaitzarekin irabazi zuten.
Bigarrenean dominatzen hasi ziren Goikoetxea eta Aimar, baina atzo urdinez aritu ziren Erkiaga eta Etcheto aurretik ere jarri ziren amaiera aldera (7-8, 12-13). Gorriek, baina, hiru tanto jarraian egin zituzten, eta 15-13 emaitzarekin irabazi zuten bigarren seta. Banako berdinketarekin, set laburrean erabaki zen partida; Goikoetxea eta Aimarrek irabazi zuten seta (5-4), txapelketako lehen partidan garaipena poltsikoratuz.
B multzoan Arbe eta Lopez faborito moduan ateratzen ziren Beaskoetxea eta Zabalaren aurka, baina ezin izan zuten garaipena erdietsi. Lehen seta berdinduta joan zen (8-8), eta Arbe eta Lopez aurretik jarri baziren ere (13-8), seta azkenean urdinen alde erori zen (13-15). Bigarren setean erraz gailendu ziren Beaskoetxea eta Zabala 6-15 emaitzarekin.
Datorren ostiralean jokatuko da txapelketako bigarren jardunaldia, eta lehen asteburuan atseden izan zuten Olharan-Del Rio eta Hormaetxea-Manci sartuko dira jokoan.