Lan zaila bost kanta soilik aukeratzea, baina, tira, hel diezaiogun erronkatxoari. Musika, berez, gozamen iturri baldin bada bere horretan, izan du, niretzat gainera, aztertzen hasita eta gehienetan, lotura hestua hitzekin. Eta aukeraketa prozesuan aurrera nindoalarik jabetzen joan naiz baduela ere nire bizipen, garai konkretu eta historiarekin zerikusi handia.
Hona hemen aukeratutako bostak eta bere istorioak:
1. Victor Jara – Te recuerdo Amanda
Langileen egoera salatzen duen amodiozko kanta ederra. Geroago ezagutuko genuena, tristeki… 1973ko irailaren 11n (beste 11S) militarrek Allende Presidentziatik bota zuten eta Pinocheten diktadura hasi zen Txilen. Irudi oso tristeak “La Moneda” jauregitik jaso genituenak. Hainbat eta hainbat herritarrekin batera, Victor Jara atxilotua izan zen eta Txileko estadiora eraman zuten. Han bortizki torturatua izan zen, behatzak banan-banan moztu zizkioten kitarra gehiago jo ez zezan eta mingaina moztu inoiz berriro abes ez zezan. Ondoren, 40 tiroz hil zuten.
2. Pink Floyd – Wish you were here
Wish you were here diskoko kanta. Taosa diskotekako garaiak Zumaiako gazteentzat. Raulen eskutik orduko Rocka ezagutzeko eta gozatzeko aukera izan genuen. Zer esan talde zoragarri honetaz… Gilmour eta bere lagunak gitarra jotzen hasten zirenerako beste mundura eramaten gintuztela, eta rock sinfoniko paregabe honi esker gure aurrenengo hitzak ingelesez ere ikasten hasi ginela batzuk…
3. Imanol – Mendian gora
Iratze okre geldiak albumeko kanta. Amurizaren hitz zoragarriek eta Imanolen abesteko modu pertsonalak osatzen dute, nire ustez, euskaraz dugun abesti ederrenetako bat. Zenbat aldiz ez ote dugun abestu… "ni hiltzen naizen gauean behintzat eizue lo lasai".
4. Itoiz – To Alice
Musikaz blai albumeko kanta. Nola ez aipatu Itoiz, lehenago Indar Trabes zirenak… Haiek ikusi eta entzun nahian “edozein herriko jaixetan” ibiltzen ginen han-hemenka. Aukeratu dudana ez da Itoizen kantarik ezagunena baina gordetzen du bere esentzia: Juan Carlos Perezen ahotsa, taldearen soinu propioa, berritzaile izan zena euskal rockaren munduan… Pertsonalitate handiko musikariek osatu zuten rock talde itzela.
5. Anari – Lagun izoztua
Gure oroitzapenak Joseba Sarrionandiaren poemetan oinarritutako artista ezberdinen abesti bildumekoa. Dudarik gabe, azken aldian egindako egitasmo borobilenetakoa. Ezin ederragoa litzateke kontzertu batean denak batzea. Gure etxeko ohorezko apalean toki berezia du. Kantu hau, hain zuzen, Anariren ederrenetakoa iruditzen zait eta gaur egungo euskal kulturako bi eragile nagusienetakoak elkartzen ditu. Luxua.
Hau da guztia. errenda honetatik kanpo gelditzen zaizkit hauek bezainbeste gustatzen zaizkidan hainbat eta hainbat kanta bere historia propioarekin. Horiek hurrengorako!