Zumaiako emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpena ikertzeko bekaren deialdia zabaldu du udalak

Maria Maya Manterola 2021eko irailaren 20a

Argazkia: Zumaiako Udala.

Uztailean eskaerarik jaso ez zutenez, bigarrenez zabaldu du udalak bekaren deialdia. Urriaren 11a bitarte jasoko dituzte eskaerak, udaletxean bertan edo telematikoki.

Zumaiako Udalak bigarrenez zabaldu du herriko emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpena aztertzeko beka, uztaileko deialdian eskaerarik jaso ez duelako. Lanean bizitza sozialean, ekonomikoan zein politikoan egindako ekarpenak aztertzeko beka da, eta 6.700 euro arteko ordainsaria emango du bekak ikerketaren truke. 

Ikerketa euskaraz egin beharko da, gehienez ere sei hilabeteko epean, banaka zein taldeka. Ondoren, epaimahaiaren onespena jaso, eta onuradunek lana herriari aurkeztu beharko diote hitzaldi batean. 

Beka jasotzeko baldintzen berri ere jakinarazi du udalak: unibertsitate ikasketak edukitzea (erdi mailakoak zein goi mailakoak), eta euskarazko C1 maila izatea. Taldeen kasuan, gutxienez ere taldekideen % 50ak bete beharko ditu bi baldintza horiek.

Urriaren 11ra arte epea zabalik

Eskabideak Zumaiak Udalaren Erregistro Orokorrean edo telematikoki aurkeztu ahalko dira, urriaren 11 bitarte. Zumaiako Udalaren webgune ofizialean eskura daiteke eskabide orria. 

Udalaren hitzetan, emakuimeen ikuspegi eta ekarpenei balioa ematen ez dien kontakizuna izan da historia eraikitzeko ardatz. "Bazterrean geratzen diren errealitateak aintzat hartzen ez dituen kontakizun bat" dakar horrek, udalaren arabera. Ondorioz, emakumeen ikusgarritasun sozialean defizit nabarmena izan dela azaldu dute. 

Historia berreskuratu eta berridazteko saiakeran, berebiziko garrantzia izan dute azken hamarkadetan ikertzaile eta historialari feministen ekarpenek. "Emakumeen bizimodua, lana, erresistentzia, komunitate harremanak, nortasuna, mundu ikuskera, etab. ezagutzeko lehen pausoak eman dituzte", nabarmendu du udalak. Ikerketaren bitartez, ekarpena zer nolakoa izan den jasotzen hasi nahi dute, "kontatu gabeko historia argitara eman, eta emakumeei zor zaien aitortza egin ahal izateko". 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide