Ez dute koronabirus kasu berririk hauteman azken orduetan

Andoni Elduaien 2021ko ira. 23a, 13:31

Intzidentzia tasa 100eko langatik jaitsi da azken datuekin. Eskualdean, guztira, hiru kasu positibo zenbatu dituzte: bi Zarautzen eta bat Azpeitian.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi emandako datuen arabera, atzo, asteazkena, Zumaian ez zuten koronabirus kasu berririk hauteman. Behera egin du intzidentzia tasak, eta 100eko langa jaitsi du dagoeneko –111,94tik 81,41ra jaitsi da azken datuekin–.

Eskualdean hiru kasu positibo baieztatu zituen Osasun Sailak: bi kasu hauteman zituzten Zarautzen eta bat Azpeitian. Halere, bi herrietako intzidentzia tasak behera egin du. 119,93ko intzidentzia tasa dute Zarautzen –124,21ekoa zen atzo– eta 223,39koa Azpeitian –236,53 zen atzo–. Azpeitiak du egun 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena.

Urola Kostako intzidentzia tasarik altuena, ordea, Aiak du egun 957,18ko tasarekin. Aldiz, Azpeitian eta Zarautzen bezala, jaitsi egin da intzidentzia tasa Orion ere: 114,16tik 97,85era egin du behera. Azkoitian eta Zestoan, berriz, tasa bere horretan mantendu da, 183,59ko eta 128,40ko tasekin, hurrenez hurren. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, ostera, hutsean dute intzidentzia tasa.

104 lagun ospitalean

Hego Euskal Herrian nabarmen ari da egiten hobera pandemia azken egunetan. Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak pandemia amaitutzat eman zuen atzo lurraldean; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, bestalde, beste bost puntu egin du behera, 104,06an kokatuz. Azken hiru lurralde horietan atzo, asteazkena, 120 kasu positibo atzeman zituzten. 23 positibo zenbatu zituzten Araban, 66 Bizkaian, 24 Gipuzkoan eta zazpi lurralde horietatik kanpo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6,827 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta hori horrela, %1,8ekoa da positibotasun tasa. Nafarroan, berriz, hemezortzi kasu detektatu zituzten 1.603 proba egin ostean, eta %1,1ekoa da positibotasun tasa.

Ospitaleetan egoera gero eta hobeagoa da. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 104 lagun daude ospitaleratuta gaur-gaurkoz –atzo 28 lagun ospitaleratu zituzten–. Ospitaleratzeen inguruan gaur eman duen datua, gainera, irailaren 9az geroztik Osasun Sailak eman duen baxuena da. Halaber, ZIUetako okupazioa mantso, baina beherentzat doa. Egun 49 lagun daude larri gaixorik zaintza berezietan. Osasunbideak emandako datuen arabera, aldiz, 44 lagun daude Nafarroan erietxeetan eta hamahiru herritar ZIUn.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide