Urriarekin batera hasiko da antzerki denboraldi berria Zumaian. Udaberria bitartean hilero izango dira antzezlanak, helduentzako zein haurrentzat. Hasteko, datorren ostiralean, urriaren 1ean, Losers-Galtzaileak lana ikusteko aukera izango da berriro ateak zabalduko dituen Aita Mari aretoan, 20:00etatik aurrera. Antzezlan honetarako sarrerak larunbatean jarriko dira salgai turismo bulegoan, 9,5 euroan; 6 euroan gazte txartelarekin.
Sinopsia
Manuel eta Sandra adinean aurrera doaz -ia berrogei-, eta gizakiok tenore horretara ailegatuta, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe. Horregatik euren buruak galtzailetzat dituzte eta aldatzeko esperantza handirik gabe, ia-ia etsiak jota, pozik bizitzeko merezimendurik izango ez balute bezala.
Bizipozak, ordea, ez du mugarik eta areago, ez du zer ikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen usadio eta arauen menpe bizitzearekin. Gu geu gara gure bizitzak nolakoa beharko duen erabaki behar dugunak. Geure beldur eta mugak gainditzeko gai izanez gero behintzat. Manuel eta Sandrak bakarti bizitzeari utzi nahi diote. Goibel antza bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Lortuko al dute?