Hondarribiko Grand Slameko finalerdietara sailkatu dira Goikoetxea eta Aldazabal

Juan Luis Romatet 2021eko irailaren 25a

Argazkia: Jai Alive

Hondarribiko Grand Slameko ligaxkako bigarren jardunaldia jokatu zen atzo Jostaldi frontoian. Zumaiako bi puntistak lehian izan ziren atzo eta biek ere garaipena lortu zuten. 

Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal Hondarribiko Grand Slameko finalerdietara sailkatu dira. Txapelketan parte hartzen ari diren sei bikoteetatik, beraiek dira sailkapena lortzen lehenak, eta momentuz, bakarrak. Ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia falta da, eta datorren ostiralean, gainontzeko bost bikoteetatik hiruk lortuko dute aurrera egitea. Bi kalean geratuko dira.

Olharan eta Del Rio izan zituzten atzo aurkari. Eroso ibili ziren lehenengo setean, eta 15-9 emaitzarekin irabazi zuten jokoan. Bigarren seta irabazteko zorian izan ziren Olharan eta Del Rio. 13-14 emaitzarekin aurretik ziren, eta tanto bakarra behar zuten seta irabazi eta berdinketa hausteko set laburra jokatzeko. Baina, Goikoetxeak eta Aimarrek, hamalauna berdindu zuten, eta seta eta, ondorioz, partida irabaztea lortu zuten. Datorren ostiralean jakingo da A multzotik zer beste bikotek lortuko duen finalerdietara sailkatzea. Erkiaga-Etxeto eta Olharan-Del Rio partida irabazten duena, alegia.

Bigarren partidan, Arbek eta Lopezek bizirik daudela erakutsi zuten. Lehenengo jardunaldian huts egin zuten, 13-15 eta 6-15 galduz Beaskoetxea eta Zabalaren aurka. Garaipena bakarrik ez, garaipen garbia behar zuten atzo Hormartxea eta Manciren aurkako partidan. 15-10 irabazi zuten lehenego seta (12-5 irabazten joan ziren) eta 15-8 bigarrena.

Arbek eta Lopezek bi partidu jokatu dituzte. 2-0 galdu zuten lehenengoa, eta 2-0 irabazi bigarrena. Galdutako partidan, 19 tantu egin zituzten.

Beaskoetxeak eta Zabalak, partida bat jokatu dute, eta bera irabazi, 2 eta 0.

Hormaetxeak eta Mancik, partida bat jokatu dute, eta 2-0 galdu. 18 tantu egin dituzte.

Azken jardunaldian, Hormaetxea-Manci eta Beaskoetxea-Zabalaren arteko norgehiagoka izango da Lehenengoek derrigor irabazi behar dute sailkatzeko. Eta ez die balio 2-1 irabazteak. 2-0 irabazi ezik, ez dira sailkatuko bermeotarra eta mutrikuarra. Kasu horretan berdinketa izango litzateke: hiru bikoteek garaipen eta porrot kopuru bera, eta irabazi eta galdutako set kopuru bera. Tanto-averageak erabakiko luke sailkapena. Baina Beaskoetxeak eta Zabalak set bakar bat egitea lortzen badute, ez da kalkulagailurik beharko. Hormaetxea eta Manci, kanpoan izango baitira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide