Merkatuko energia erosketaren prezioan eragiten duten faktoreak

Erabiltzailearen aurpegia Alfonso Garcia 2021ko ira. 28a, 07:05

Faktura elektrikoak zati asko dauzka, baina hurrengo lerroak energia kontsumoari dagokion zatian zentratuko ditut, gainerako kontzeptuak alde batera utzita; izan ere, hori da energia merkatuan erostearekin erlazionatua, eta une honetan energiaren prezioari nabarmen eragiten dion faktoreetako bat.

Argindarrak duen prezioari buruzko berriak ugari dira merkatuan, ekoizleak eta komertzializatzaileak hara joaten baitira saltzera eta erostera. Gero merkaturatu egingo dutenek erosi egiten dute, eta kontsumitzaileei ematen diete, prezio horri beren marjina gehituta.

Argi eta labur azaltzeko, merkatu horri “pool” esaten zaio ingelesez, hau da, igerilekua, funtzionatu ere igerilekuak bezala funtzionatzen duelako eta merkatu marjinalista delako. Aurrerago azalduko ditut bi kontzeptu horiek, modu grafikoagoan.

Merkatuak enkante bidez funtzionatzen du, arrainaren edo barazkien enkanteetan gertatzen denaren antzera, eguneko hogeita lau orduetarako energia eskaintzeko eta erosteko. Bertan, argindarra sortzen duten enpresek ordu horietako bakoitzerako zer ekoizteko eta zer saltzeko prest dauden esaten dute; era berean, enpresa erosleek ordu horietako bakoitzean zer energia beharko duten esaten dute. Merkatuko ohiko legearen araberakoa da, hau da, eskaintzaren eta eskariarena.

Lehen esan dudan bezala, salmentako eta erosketako eskaintzak ordu bakoitzean igerilekua betetzen doaz, merkeenetatik hasita azken eskaintzara iritsi arte. Azken eskaintzak ordu hori betetzen du eta horrek finkatzen du, gainera, orduaren prezioa. Horregatik esaten da merkatu marjinalista dela.

Elektrizitatea hainbat iturritatik sortzen da: energia berriztagarriak, gasa, nuklearra, hidraulikoa... Energia berriztagarriena elektrizitatea sortzeko iturri nahiko merkea da, baina klimaren eraginak mugatu egiten du. Horregatik, sistema elektrikoak iturri osagarriak behar ditu eta une honetan energia fosiletatik datozen iturriak dira.

Energia fosilen iturriek co2-aren emisio eskubideak ordaindu behar dituzte, hau da, Europan kutsatzeagatik ordaintzen den prezioa, eta horiek gero eta altuagoak dira, Europak Iturri berriztagarrietara eboluzionatzeko eta fosilak alde batera uzteko borondate garbia adierazi duelako.

Enpresa elektrikoek eskubide horiek eskuratzen dituzte beren zentraletako gas edo ikatz emisio kutsagarriak ordaintzeko. Kostu horiek, gero, handizkako merkatuan saltzen duten elektrizitatearen preziora eramaten dira.

Horrez gain, gas naturala ere kostu handia izaten ari da, eta, gainera, handitzen jarraitzea espero da. Gas naturalak, ikatzak bezala, karbono dioxidoa igortzen du eta Europako Batasunak deskarbonizaziorako ezarritako kanona ordaindu behar du.

Bi faktore horiez gain, aintzat hartu behar da, gainera, gas edo ikatz zentralak kontrolatzen dituzten Espainiako konpainia handiek dauzkatela zentral hidrauliko gehienak, eta prezio jokoa ondo ezagutzen dute; izan ere, nahiz eta kostuak txikiagoak izan, gas naturalaren maila berean jartzen dituzte merkatu elektrikoan, errendimendu ekonomiko handiagoa lortzeko.

Planteamendu hau egiten dute: nik ura daukat pilatuta, eta turbina batetik pasatuko dut energia sortzeko baldin eta orain gasari ematen ari zaion prezioa lortzen badut; bestela, balio handiagoa duen beste une baterako gordeko dut. Horrek azaltzen du zergatik ezartzen zuten pooleko prezioa azken hilabeteetan zentral hidraulikoek, eta zergatik zen garestiagoa, berez kontrakoa izan behar zuenean.

Eragin hori arintzeko, Estatuak behin-behineko erabakia hartu du BEZa % 21etik % 10era jaisteko, kontsumitzaileak ordaintzen duen azken prezioan eragiteko. Baina neurri hori ez da nahikoa, energiaren prezioa legeen mende baitago.

Merkatuko jokoa da. Egin apustu…!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide