Tabernak 05:00ak arte irekita!

Erabiltzailearen aurpegia Eire Salegi 2021ko ira. 28a, 07:04

Horrekin gazteenen arreta lortuta, testu labur hau bukaerara arte irakurtzea eskatu nahiko nizueke. Asko zarete irailean etapa berri bat hasiko duzuenak, unibertsitatean zein beste ikasketaren batean. Azken urtea ez da batere erraza izan, etxetik ikasi behar, lagunekin elkartzeko arazoak… pandemia dela medio. Hori gutxi balitz, irakasle zein gurasoen presiopean, zer ikasi erabaki behar. Dena den, ez da askozaz samurragoa aurretik duzuena.

Etapa berriaren hasierak, aldaketa asko dakartza berekin batera. Batzuek betiko etxea eta herria utziko dituzue hiribururen batera joateko; beste batzuek, aldiz, ez duzue kabia utziko, baina lehen eskolara joateko zenituzten hamar minutuak autobuseko bidaia luze bilakatuko dira. Aldaketa horiek izango dira kurtsoa hasi aurreko egunetan urduritasunak eta ziurgabetasunak eragingo dizkizuenak. Ondorio gisa askok zalantzan jarriko duzue ikasten ari zaretena benetan gustatzen zaizuen, ea erabaki garrantzitsu hori zentzuz hartu zenuten. Hainbat kasutan aldaketa handi geratzearen erruz etor daiteke pentsamendu hori, ikasketekin zerikusirik izan gabe. Aitzitik, beste asko ez dira oker egongo eta hor dago koska. Ez da erraza onartzea gaizki erabaki duzula, ez dakizula zer den benetan gustatzen zaizuna. Huts egitearen sentsazio hori. Baina ez ahaztu ez dela atzerapauso bat, ez duzuela urte bat galtzen, ikasketaren parte dela baizik. Datorren urtean beste aukera bat, eta kito.

Inork ez digu behar bezala azaltzen nola izango den unibertsitatea, niri ez behintzat. Salto nabarmen bat dago institututik gradu ikasketetara. Kasu askotan, irakasleak beren azalpenak eman eta alde egingo du, eta horrek autonomia handiagoa exijituko dizuete. Institutuan purea ahoko zulora ematen ziguten, nire amonak esango lukeen modura. Denak ez zarete berdin egokituko, eta batzuoi lehen baino gehiago kostako zaizue. Baina autonomia horrek bakoitza bere erritmora ibiltzea ahalbidetzen du. Ez dago zertan ikasgai guztiak gainditu, gradua ikasgaiz ikasgai aterako duzue eta tamaina hartzean dago gakoa. Zeuen burua torturatu gabe.

Baina azken finean, ikasketak bigarren planoan geratzen dira unibertsitate garaian, ez al da hala? Ziurrenik ez zara lehenengo egunean gela aurkitu ezinik dabilen bakarra izango eta lehenengo taldetxoa hor osatuko duzue. Eguna joan eguna etorri batera, elkarrez dena jakin arte. Konturatzerako ama baino gehiago ikusiko dituzue. Kuadrillakoak ez dituzue lehen bezainbeste ikusiko, bakoitzak bere galdutakoen taldetxoa egingo baitu. Baina beti egongo dira hor, itzultzen zaretenerako. Azken finean, astebukaeran kuadrillakoekin berriz elkartzeak badu bere xarma.

Espero dut nerbio eta ezjakintasunei argi pixka bat eman izana. Urte ederra daukazue aurretik, eta etorriko direnak. Ea Bilboko kaleetan ikusten garen. Ilusioz hasi etapa berri hau, disfrutatu!

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide