Zumaiako historian leku berezia duen eguna da 1960ko azaroaren 15a. Astearte hartan, Begoña ontziaren itsasoratzea ikusten ari ziren zazpi lagun eraman zituen olatu batek Zumaiako barran. Sei gazte hil ziren, eta bakarra atera zen bizirik; Rudi Holkek bere bizia jarri zuen arriskuan Jose Maria Domingo Regalado uretatik ateratzeko.
Istripuaren mende erdia bete zenean erreportajea argitaratu zuen Baleike aldizkariak. Tragedia hura gertu-gertutik bizi izan zuten bost lagun elkarrizketatu zituen, eta horien artean zen Rudy Holke. Holkek honela gogoratzen zuen egun hartan bizitakoa: "Bazkaltzen ari ginen emaztea eta biok. Emazteak leihotik begiratu eta esan zuen itsasontzi bat ari zela irteten. Ezinezkoa zela erantzun nion, portua itxita zegoela. Baina hark baietz, eta, gainera, bere ustez jendea zegoela uretan. “Ez da posible”, esan nuen. Prismatikoak hartu eta goiko terrazara igo nintzen. Eta halaxe zen: itsasontzia ikusi nuen eta jendea ere bai uretan. Begoñako marinelak zirela pentsatu nuen, olatu batek eramanda. Barrara joatea erabaki nuen, laguntzera. Ero bat bezala, etxetik kalera jaitsi eta alboan lan egiten zuen Narciso Kortari deitu nion, nire kotxea, Isseta bat, matxuratuta zegoelako. “Narciso, Narciso, har ezak motoa eta goazemak barrara!”. Bere Lambretta hartu eta han joan ginen biok, ziztu bizian. Gogoan daukat motoaren hankarekin zorua jotzen pasa genuela Zubitxikiko bihurgunea.
Barrara iritsi ginenean segituan ohartu nintzen handik ez zegoela zer eginik, errepide alderantz eraman zituelako korronteak. Motoa hartu eta Santiago aldera joan ginen, begiralekuraino [Erdiko haitza, tunelaren parean]. Han ohartu nintzen egoeraz. Uretan bakarra ikusi nuen [Jose Maria Domingo Regalado]. “Gazta” deitzen dioten haitzerantz nindoala kendu nituen arropak [Erreketaitza ere deitzen zaio “gazta” delako harriari: Santiagora jaisteko dauden eskailera estuen azpialdean dagoen haitz zabala, zuloz beterikoa, Maiapean]. Orduan ikusi nuen Juan Carballo, Javierren anaia, odoletan. Bere aita ere han zegoen eta manterolatar bat ere baietz uste dut. Haiek esan zidaten, behin eta berriro, sokarekin lotzeko, beraiek lagunduko zidatela uretatik irteten. Nik ezetz, baina azkenean kasu egin nien. Ia bizitza kostatu zitzaidan. Soka nahikoa mehea zen. Gerrian lotu eta uretara egin nuen salto. Igerian nindoala enbarazu egiten hasi zitzaidan. Gaztearengana iritsi nintzenean, azkenengotan zegoen. Ura nahikoa hotza zegoen eta ur asko irentsi zuen ordurako. Metro batera-edo hurbildu nintzenean soka kateatu egin zen, haitzetan. Ezin nuen aurrera jo. “Soka madarikatua!”, pentsatu nuen. Gazteak hain gertu ikusi ninduenean, bere azken ahaleginean hurbildu eta lepotik heldu ninduen. Begi haiek ez ditut sekula ahaztuko. Bere bizitza nire esku utzi zuen une hartan, borrokatzeari utzi zion. Olatu handi batek banandu gintuen, eta bera hondora joan zen. Ni bitartean sokaz libratu nahian nenbilen. Azkenean azpitik ateratzeko gauza izan nintzen. Orduan joan nintzen Dominguinen bila, ur azpira. Aurreko egunetako euriteek ekarritako lokatzarekin eta olatuekin ez zen ezer ikusten. Baina senak gidatuta eta zorte apur batekin, gaztea topatu eta ateratzeko gauza izan nintzen. Dena azken segundoetan. Lehen ahalegin hartan aurkitu ez banu, akabo".
Erreportajea hemen irakurri daiteke.