XII. Flysch Traila

Josu Bereziartua eta Amaia Arantzabal omendu ditu aurten Flysch Trail lasterketak

Baleike 2021ko urr. 3a, 17:40

Herriko medikuei eta Gurutze Gorriari ere egin diete aitortza, lasterketan nahiz herrian egiten duten lan guztiagatik,  baita Zumaiako herriari ere, lasterketa babesteagatik. 

XII. Flysch Traill lasterketaren amaieran hainbat omenaldi eta aitortza egin dituzte antolatzaileek. Batetik, herriko anbulatorioko medikuei eta Gurutze Gorriari egin diete aitortza, lasterketan zehar nahiz herrian bertan egiten duten lan guztiagatik. Oroigarri bana eman diete bi arloetako ordezkariei.

Beste oroigarria Zumaiako Udalak jaso du, baina herriaren izenean. Izan ere, Flysch Trail lasterketak Zumaiako herriari eman nahi izan dizkio eskerrak, urte hauetan guztietan jasotako babes eta laguntzagatik. Iñaki Ostolaza alkateak eta Arritxu Iribar Kirol zinegotziak hartu dute oroigarria, udaletxean jartzeko.

Dena den, omendu nagusiak bi norbanako izan dira: Josu Bereziartua azpeitiarra eta Amaia Arantzabal bergararra. Errezilen bizi da bikotea, eta beren ibilbide oparoa azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Zortzi mila metroko zazpi mendi ditu igoak Bereziartuak, eta Arantzabal izan zen aurreneko emakumea zortzi milako mendi bat igotzen.

Omenaldian bina bertso abestu dizkiete Andoni Egaña eta Nahikari Gabilondo bertsolari zarauztarrek, eta biek egin diote aipamena Arantzabalek lortutakoari. Gabilondok honela amaitu du aurreneko bertsoa: "Lehenengo emakumea izenak badu indarra/gehiago izan litezke baina/lehenbizikoa bakarra". Egañak jarraitu dio: "Nik ere Amaia aipatuko det/Josu utzi gabe ertzean/garai batean emakumeak/geratzen ziren etxean/holakorikan etzendun uste/bidezidorrei heltzean/urrats handiak egin zenitun/euskaldunon bihotzean/sokaik ez baina kateak zitu(e)n/bide bati irekitzean".

Azken bertsoa honela amaitu du Egañak: "...omenaldi hau legezkoa da/ egia garbi esanda/horren umilak zeratelako/horren handiak izanda".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide