XII. Flysch Traila

Raul Criado eta Amets Aranberriren sentsazioak, XII. Flysch Trail mendi lasterketa amaitu berritan

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 5a, 08:40

Amets Aranberri eta Raul Criado, igandean Zumaian (Onintza Lete Arrieta)

Igandean pozarren ziren Aranberri zestoarra eta Criado aragoiarra, batek hirugarren egin zuelako maratoi erdian, eta besteak txapela jantzi zuelako maratoian, distantzia luzeko munduko kopa ere bereganatuz. Helmugako gunean bertan hitz egin genuen haiekin.

Amets Aranberrik (Zestoa, 1997) lasterketa bikaina egin zuen igandean Zumaian. Maratoi erdia korritu zuen, eta hirugarrena izan zen gizonezkoetan. Lasterketa amaitu berritan hitz egin zuen BALEIKErekin.

Amets Aranberri: "Korrika asko egiteko ibilbidea da, eta asko gozatu dut maratoi erdiaz"

Aurreneko aldiz hartu duzu parte lasterketan, ezta?

Bai. Ibilbidea eginda neukan behin entrenamendu gisa, baina sekula egin gabea nintzen Flysch Traila.

Eta hirugarren izan zara.

Ez nuen espero. Ikusi nuen nolako maila altua zegoen, eta ni nire lasterketa egitera etorria nintzen Zumaiara. Azkenean, ezustean, hirugarren egin dut.

Zure denbora hobetuko zenuen, ala?

Aurreneko aldia izanda, erreferentziarik ez neukan, baina helburua nuen 01:42an egitea, eta azkenean 01:37an egin dut, eta gainera, eguraldi hau edukita. Gustura egoteko moduan naiz.

Zer iruditu zaizu lasterketako maila?

Maila nahiko ona egon da orokorrean, eta kanpotik etorri direnek izugarrizkoa dute. Horregatik ere eman dit poza.

Gustatu al zaizu ibilbidea?

Korrika asko egiteko ibilbidea da, eta asko gozatu dut.

Lokatzarekin arazorik eduki duzu?

Beherakoan batez ere, asko zegoen tarte batzuetan; erori ere egin naiz.

Hurrengo lasterketa non duzu?

Behobiarako prestatuko naiz orain. Asfaltoan asko ibiltzen naiz, hamar kilometroko karrerak eta motzagoak egiten ditut batez ere, eta mendian ere gustura ibiltzen naiz, baina asko jota maratoi erdia egiten dut. Saiatuko naiz Behobian lan txukuna egiten.

Raul Criado: "Lehendabiziko txapela dut hau, eta ilusio ikaragarria egin dit"

Orain bi aste hirugarren egin zuen 45 kilometroko Canfranc-Canfranc maratoian, eta hurrengo egunean hamasei kilometrokoan seigarrena izan zen. Herenegun, berriz, Zumaian nagusitasun osoz jantzi zituen maratoiko eta distantzia luzeko Munduko Kopako txapelak Raul Criadok (Canfranc, Aragoi, Espainia).

Flysch Trail maratoia eta Munduko Kopa, biak eskuratu dituzu.

Oso pozik nago, oraindik sinetsi ezinik. Urteak neramatzan Flysch Trailera etorri nahirik, oso ondo hitz egin zidatelako probaz, eta gainera orain gogorragoa egina zutelako. Munduko Koparen atzetik ere banenbilen, eta azken proba hemen jokatzen zenez, ezin nuen hutsik egin. Bizitzako nire aurreneko txapela lortu dut, eta ilusio ikaragarria egin dit.

Zer iruditu zaizu ibilbidea?

Oso polita. Egun eguzkitsu batean okerrago ibiliko nintzatekeen, baina baldintza hauek gustuko ditut, lokatza zalea naiz. Oinetakoak takoekin jarri nituen nahita, eta asko gustatu zait. Itsasoari eta flyschari begira joan naiz, eta gurutzearen inguru hori ere… Oso ederra.

Txarrena?

Toki batzuk pixka bat arriskutsuak ziren, harkaitza oso-oso irristakor zegoelako eta kontu handiarekin joan behar zelako. Baina nik asko gozatu dut.

Bigarrenari minutu mordoa kendu dizkiozu…

Ez nuen espero. Hotzarekin jokatu nahi nuen proba, ondo atera zait… ezin dut gehiago eskatu.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide