Beste bi sexu eraso gertatu dira asteburuan Zumaian

Maria Maya Manterola 2021eko azaroaren 4a

Zumaiako Mugimendu Feministak beste bi sexu erasoren berri eman du ohar bidez. Bihar erasoak salatzeko manifestazioa izango da, 18:30ean, Beheko plazatik hasita. Hiru astean hiru aldiz atera dira Zumaian sexu erasoak salatzera.

Zumaiako Mugimendu Feministak beste bi sexu erasoren berri eman du. Ohar bidez jakinarazi dute larunbat gauean gizonezeko batek bi emakume erasotu zituela. “Gizonezkoa tabernara sartzerako nabaritu zuten bi emakumeek erasotzailea zuzenean begira zutela, eta gerturatzen hasi zitzaizkien behin eta berriz, emakumeak intimidatuz eta desoroso sentiaraziz. Biak ere gizona saihesteko ahaleginetan egon ziren tabernan zeuden bitartean”, azaldu dute. 

Bietako bati tabernaren erdian egin zizkion ukituak, eta erasotuak erantzun eta bultza egin bazion ere, berriz itzuli zen emakumearengana. Gizonezkoa tabernatik kanporatu zuten tabernariek eta bertan zeudenek, baina beranduago tabernara itzuli zen gizonezkoa, eta bigarren emakumeari atzetik gerturatzen ari zitzaiola ikusita, bidali egin zuten beste behin ere ingurukoek. Berriz ere taberanara sartu, eta emakumea komunera zihoan tartea aprobetxatu zuen berriz ere hura erasotzeko. Gizonezkoa tabernatik kanporatu, Ertzaintzari deitu, eta atxilotuta eraman zuten. 

Manifestazioa, bihar
Hiru astean hirugarren aldiz aterako dira Zumaiako lau emakumeren aurkako sexu erasoak salatzera. Maiatzean eta ekainean ere beste bi sexu erasoren berri eman zuen mugimendu feministak.  “Azken asteetako gertaerak eta gero lagunen artean hizketan aritu garenean aipatu dugu behin eta berriz: ‘zein izango da hurrengoa?’” . 

Beldurra “barruraino” sartu arren, erasorik onartuko ez dutela argi utzi nahi izan dute: “Gure gorputzak gureak dira, tabernaren erdian, komunera goazenean, etxerako bidean eta ohean. Amaitu da zuen garaia eta ez goaz eraso bakar bat gehiago onartzera. Eta norbait gutako bat, gutako bakar bat ukitzera ausartzen bada, guztiok izango gaitu aurrean”. 

Bakoitzari dagokion lekutik sexismoaren aurkako “jarrera irmoa” hartzeko eskatu diete herritarrei. “Erasotzailearen laguna bazara, ez izan konplize eta hartu kargu; gizonok, erasoak kanpoan ikusteaz gain, errepasatu eta aztertu zuen jarrerak; eta eraso sexisten aurrean, beldurrarekin bada ere, jokatu dezagun irmo eta zaindu dezagun elkar”. Sexu erasoak salatu eta kaleak eta gauak emakumeenak ere badirela aldarrikatzeko mobilizazioa izango da bihar, ostirala, 18:30ean, Beheko plazatik hasita. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide