Beste urte batez, herriko zenbait eragilek bat egin dute indarkeria matxistaren aurkako aldarriak plazaratu eta gaia lantzeko. Udalak, Emakumeon* Etxeak eta Mugimendu Feministak hitzaldiak eta autodefentsa feminista tailerra antolatu dituzte azaroaren 25aren ataritan.
Ostiral honetan, hilak 12, Nerea del Campo Agirre eta Arrate Rodrigez Bagliettoren eskutik, indarkeria matxistarekin lan egiten duen Mujeres al cuadrado elkartearen esperientzia ezagutzeko solasaldia izango da. Azaroaren 30ean, berriz, sexu indarkeria kasuetan nola komunikatu azalduko du Sortzen aholkularitzako kide Norma Vazquezek. Emakumeon* Etxean izango dira bi hizketaldiak, 18:30ean.
Jabetze Eskolaren barruan, autodefentsa feminista tailerra ere antolatu dute. Larunbat honetan izango da, hilaren 13an, eta parte hartzaileek indarkeriari eta eraso matxistei aurre egiteko tresna psikologiko nahiz fisikoak landuko dituzte Emagin elkartearen eskutik. Aurrez izena ematea ezinbestekoa da, 633 432 762 telefono zenbakira deituta edo zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com helbidera mezua bidalita.
Azaroaren 25ean, manifestazioa
Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, berriz, kaleak aldarriz beteko dituzte. Mugimendu Feministak manifestazioa deitu du arratsalderako: 19:00etan aterako da, Beheko plazatik.
Zumaiako eskolek ere bat egingo dute aldarrikapenekin. Goizean, adierazpena irakurriko dute online, eskualdeko gainerako eskolekin batera.