Esther Alonso: "Irakurleen babesak hedabidearen independentzia ekonomikoa eta editoriala ahalbidetzen ditu"

Julene Frantzesena 2021ko aza. 10a, 09:00

Esther Alonso (Madrid, 1976) Eldiario.es hedabide digitaleko Marketin eta Garapen zuzendaria da. Ostiralean solasaldia eskainiko du Arrasaten egingo diren Tokikom Sarien barruko jardunaldian, eta zehazki, Eldiario.es-en esperientzian oinarrituta, komunitatea izango du hizketarako gai.

Hedabide digitala da Eldiario.es. Nola eratzen da komunitate digital bat?

Jarraikortasunarekin, diskurtsoaren koherentziarekin, publikoaren eta kanalen segmentaziorako estrategiekin, gertutasunarekin, entzute aktiboarekin, datuen analisiarekin eta pazientziarekin.

Eldiario.es-ek 61.000 bazkide ditu. Harpideak eta bazkideak bereizi egiten al dituzue?

Bazkideak soilik ditu Eldiario.es-en negozio ereduak. Bazkideen eta harpideen arteko oinarrizko desberdintasuna zera da; hedabidearen eta irakurlearen arteko harreman mota. Gurea bezalako kidetasun harremana elkartruke emozionalean dago oinarrituta, ez transakzioan. Eldiario.es-eko bazkideek ez dute albisteak irakurtzeko soilik ordaintzen; independentzia ekonomikoa eta editoriala sostengatzeko ordaintzen dute, hau da, gure lanbidea askatasunez egin ahal izateko eta informazioa mundu guztiarengana iristeko.

Cristina Cifuentesen kasua mugarria izan zen Eldiario.es-entzat. Zer gertatu zen? Bazkide berriak erakarri al zituen egindako lanak?

Cristina Cifuentesen masterraren ikerketak eragin oso positiboa izan zuen aitortzari, markaren sinesgarritasunari eta bazkideen komunitateari lotuta. Sei astetan zortzi mila bazkide berri lortu genituen; 24.000 izatetik 31.400 izatera pasatu ginen. Albistea argitaratu aurretik nahiz ondoren, erredakzioaren, marketin arloaren eta bazkideen arteko barne koordinazioa une orokoa izan zen, estua. Hori oinarrizkoa izan zen bazkide berriak lortzeko kanpainaren eraginkortasunari begira.

Zer estrategia erabili duzue bazkide kopurua handitu ahal izateko?

Estrategia organikoa da Eldiario.es-ena, eta irakurleekin konfiantzazko harremanaren eraikuntzan eta zabalkundean nahiz markak agindutako gardentasunean oinarritzen da.

Pandemiak eragin al du bazkidetzan?

Pandemiaren hasieran publizitate sarrerak arriskuan ikusi zituen Eldiario.es-ek, eta horregatik, irakurleei babesa eskatu genien publikoki. Dei haren ostean, 2020ko apirila eta maiatza artean, komunitatea asko hazi zen: 36.000 bazkide izatetik 56.000 izatera pasatu zen Eldiario.es. Horrez gain, 2012an hedabidea sortu zenetik lehen aldiz, bazkide kuotak ere igo egin genituen: %33ko igoera ezarri zen, eta bazkideen %95ek onartu zuten.

Hedabide asko ordainketa sistema ezartzen ari dira beren webguneetan. Eldiario.es-ek zergatik erabaki du diru iturriak beste modu batean jorratzea?

Eldiario.es-entzat informaziorako sarbidea zerbitzu publikoa da, eta horregatik eskaintzen du eduki guztia irekita. 2020ko abenduan ezarri zuen bazkideen eredu berria: hilabetean hamar eduki irakurtzean, irakurlea bazkide egitera gonbidatzen du. Dena den, kuotari aurre egiterik ez duten pertsonek doan egin daitezke bazkide. Modu horretan, informaziorako sarbide unibertsala bermatzen du, eta era berean, bazkide berriak batzen dira komunitatera.

Gauza bat da hedabide batek irakurle asko izatea, eta bestea, irakurle horiek informazioa jasotzearen truke ordaintzeko prest egotea. Zein da erabiltzaile bat bazkide bilakatzeko gakoa?

Hainbat arrazoi daude Eldiario.es-eko bazkide egiteko erabakiaren atzean: idealekiko identifikazio pertsonala eta proiektuaren helburuak, bideragarria izateko herritarren babesa behar duen aldaketarako eragile gisa ulertzea kazetaritza eta irakurle bakoitzak kontsumitzen duen kazetaritza –zerbitzu publikoa– ordaintzeko duen erantzukizuna.

Bideragarriak izango al dira finantzatzeko prest dagoen komunitatearen sostengurik gabeko hedabideak?

Ekonomikoki bideragarriak izan daitezke, bai, baina horien kazetaritza independentzia mehatxupean egon daiteke. Kazetaritza ez da doakoa, eta irakurleak ordaintzen ez badu, beste norbait ariko da haren ordez ordaintzen. Ignacio Escolarrek hala esan zuen: "Diru sarrerak sortzeko kazetaritzaren funtzioetatik kanpoko negozioetan inbertitzen bada, irakurleak merkantzia soil bilakatuko dira".

Zer abantaila eta desabantaila eragiten dizkio hedabide bati bere finantzazio iturri nagusiena bazkideak izateak?

Abantailak argiak dira: bazkideen ereduak hedabidearen independentzia ekonomikoa eta editoriala nahiz bideragarritasuna bermatzen ditu. Bestalde, desabantailez baino hedabide batean bazkidetza eredu bat ezartzeko behar diren estrategiez, prozesuez eta baliabideez hitz egingo nuke. Adibidez, eredu hori lantalde osoak barneratzea da gakoa, eta marketin estrategia erlazio ikuspegitik eraiki behar da, ez transakzio bidez. Hazteko apustuak kalitatearen eta bideragarritasunaren zein kantitatearen arteko oreka izan behar du.

Zergatik da garrantzitsua herritarrek hedabideak finantzatzea? Eta horiek zer eska dezakete trukean?

Lehen esandakoa berresten dut: irakurleen babesak hedabidearen independentzia ekonomikoa eta editoriala ahalbidetzen ditu, eta hain zuzen, horiexek dira kazetaritzaren bi zutabe garrantzitsuenak. Komunikabide bat finantzatzen duten irakurleek lerro editorialaren nahiz negozio ereduaren gardentasuna eska ditzakete, baita kontu emate zintzoa ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide