[GUTUNA] Zuhaitz bat laguneko?

Rafael del Pilar 2021eko azaroaren 16a

Ez gara arduratzen behar bezala gure inguru fisikoaz, eta azkenean "ohitu" egin gara gure herriko zuhaitzekiko errespetua axolagabekeriaren mugara jaistera. Susmoa daukat ezjakintasunak pasibo bihurtzen gaituela, eta horrek urrundu egiten gaitu bizitzaren abenturan gizakia naturarekin batzen duen elkartasun sinbiotikotik. Horren ondoriozkoa da gure "zoru" kontserbazionista, oso behean Zumaian.

Horregatik, pena handia hartzen dut gure hirien degradazioaren aurkako antidotorik onenak eta seguruenak, hau da, zuhaitzak, suntsitzen direlako, zergatik eta herrian "behar" eztabaidagarri batzuk daudelako.

Zoritxarrez, hona hemen egintza burutuen irizpidea, dekretukada bidez inposatua, eta berriz ere erabaki dute gure izenean; ahotsa, edozein demokraziaren espiritua, ukatu egin digute.

Erkibeko zuhaitzei egindako mozketa barbaroak (ezin baitzaio deitu kimaketa) zalantzan jartzen du Udalak horiekiko daukan "maitasuna".
Berez, nahikoa izango zen adaburua zertxobait txukuntzea eta erortzeko zorian zegoen adarren bat kentzea, eta ez zen beharrezkoa izango hainbesteko triskantza egitea eta "poste" patetikoak eta ahulak bihurtzea. Mozketako zaurietan fungizida orbaintzailerik eman ezean, ustela sartuko zaie zuhaitzei eta kito betiko.

Zumaiako Udalaren zuhaitzen eta berdeguneen plan gidatzailea izenekoan, 2019koan, lerro estrategikoak azaltzen dira zuhaitz ondasun publikoak eta pribatuak kontserbatzeko.

Plan hori ez zuten erabili Erkiben, eta zuhaitz horien hondatze basatia eragin zuten.

Plan gidatzailea hori, funtsean, arbolazaintzako tratatu bat da, gure zuhaitzentzat arrosa koloreko paradisuaren irudi idilikoa erretratatzen duena, baina Zumaian plan hori aurrera ateratzeko "agindu jainkotiarra" beharko litzateke; bestela, ezinezkoa litzateke, alfer-alferrik.

Hona hemen planeanean aitatzen diren proposamen batzuk:

  • Hirian, zuhaitza izaki biziduna da, hirigunean pertsonekin batera bizi dena, eta pertsonak naturarekin lotzen ditu fisikoki eta emozionalki.
  • Zuhaitzak lagundu egiten dute osasunean, erosotasunean eta bizigarritasunean; izan ere, ingurumen kalitatea hobetzen laguntzen dute eta abar eta abar.
  • Beharrezkoa dena baino ez kimatu, pertsonen segurtasuna eta zuhaitzaren behar bezalako garapena bermatzeko.
  • Herriko zuhaitzen eta herritarren garapen zuzena eta osasungarria sustatu, zuhaitz bat laguneko ratioetara hurbiltzeko.
  • Eta abar eta abar.

Babesteko asmoarekin ezarritako gidalerro desiragarriak, Zumaian, gaur egun, itxurakeria hutsa.

Arbolazaintzan, Zumaia gero eta okerrago doa hobeto doalakoan eta ez da harritzekoa. Baina itxuragabea eta onartezina iruditzen zait umeekin iruzurra erabiltzea "hezkuntza terapia" bezala. Nola azaldu haurrei "beren zuhaitz txikiak", zuhaitz egunetan hainbesteko maitasunarekin landatu zituztenak, usteldu egin direla, zergatik eta ekitaldiaz arduratzen den Udalaren eraginkortasun friboloak haurren lan apala, haur ilusioez puztua, zakarki birrindu zuelako?

Berriz esango dut: iruzur eginez hezi? Zertan ari gara?

Nire kexa hauek beste udal batzuei ere zabaldu nahi dizkiet, zuhaitzak babesteko zorroztasunik ez daukatelako, eta "aizkolari motozerradunei" ere bai, arbolazaintza aurreratuko teknikarik gabeko horiei; izan ere, horiek baitira gure zuhaitz izorratuak pixkanaka, urtez urte, degradatzearen erantzule zuzenak.

Ohar gaitezen zuhaitz lagun hauek, naturaren opariak izanik, herriei beraien edertasun paregabea eskaintzen dietela; aldaketa klimatikoaren aurkako aliatu indartsuak dira, eta arnasten dugun airearen garbitzaile eskuzabalak.

Zuhaitzekin joka dezagun errespetuz eta elkartasunez, eta ez gaitezen izan horien borrero basatiak.

Rafael del Pilar

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide