Amurrion hasi eta Donostian bukatuko da datorren martxoaren 31n hasiko den Korrikaren 22. edizioa

Julene Frantzesena 2021ko aza. 17a, 18:30

AEK-k gaur aurkeztu du datorren urteko martxoaren 31n hasiko den eta 11 egunez Euskal Herria zeharkatuko duen euskararen aldeko egitasmoa. Hitzekin izango da egitasmoaren leloa, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituzte. Aurten egokitzen zen berez bi urtez behin egiten den lasterketa, baina pandemia tarteko ez egitea eta atzeratzea erabaki zuen iaz AEK-k.

Martxoarekin iritsiko da Korrikaren 22. edizioa Euskal Herrira. Zehazki, martxoaren 31n Amurrion (Araba) hasiko da AEK-k antolatutako euskararen aldeko lasterketa, eta Donostian bukatuko da handik 11 egunera. Hitzekin izango da egitasmoaren leloa, AEKren arabera, "euskara hitzetatik ekintzetara eramateko unea delako".

Bi urtez behin egiten den lasterketaren datorren urteko edizioa gaur, asteazkena, aurkeztu dute, eta haren sustatzaileek Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituztela ere jakinarazi dute, "egindako ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik". Korrikaren 22. aldiak iraungo duen 11 egunetan, 2.500 kilometro egingo dituzte parte-hartzaileek. AEK-k aurrerago jakinaraziko du Korrikaren ibilbidea zein izango den.

Aitziber Balantzategi AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakariak eta Korrikaren batzordeko kideak aurkezpenean azaldu duenez, hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek osatzen dute hizkuntza baten komunitatea. "Ekiteko unea da, euskara hitzetatik ekintzetara eramateko unea".

Korrika "ohiko moduan" egiteko asmoa agertu dute AEK-ko ordezkariek, nahiz eta koronabirusak eragindako egoerara "moldatuko direla" azaldu duen. Hain zuzen ere, aurten egokitzen zen berez lasterketaren 22. edizioa, baina pandemia tarteko ez egitea eta atzeratzea erabaki zuen iaz AEK-k.

Hona hemen AEK-k egin duen Korrikaren 22. edizioaren aurrerapen bideoa:

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide