Musika arnasten du Nerea Alonsok (Zumaia, 1991); maite du musika, eta musikatik eta musikarentzat egiten du lan Londresen, mundu mailako ganbera musikako orkestra garrantzitsuenetako batean, garrantzitsuena ez bada. Hasiera, baina, hasiera ia guztiak bezala, xumeagoa izan zen. Zortzi urterekin saxofoia ikasten hasi zen Zumaiako Musika Eskolan. “Gure amak zioen hasieran bateria jo nahi nuela. Amak flauta edo pianoa aukeratzea proposatu zidan, baina asteburu batean Burgosera joan ginen –bertakoa da ama– aitona-amonak eta izeko bisitatzera, eta han jakin nuen izekok, gaztetan, klarinetea eta saxofoia jotzen zituela. Saxofoia probatu nuen, ikusi nuen soinua ateratzen niola, eta halaxe aukeratu nuen instrumentua. Dena bulkada batean; izan ere, halaxe naiz, oldarkorra”. Izekok bere saxofoi zaharra erregalatu ziola du gogoan Alonsok, baina hobeto jotzen hasi zenean, gurasoek saxo hobea erregalatu ziotela.
Julen Izarra saxofonista eta jazz musikaria izan zuen irakasleetako bat Zumaiako Musika Eskolan, eta hark animatuta sartu zen Donostiako Kontserbatorioan, “nahiko ondo jotzen nuela-eta. Hamabi edo hamahiru urte izango nituen, eta nik ez nekien zer zen kontserbatorio bat. Hala ere, gustua hartu nion eta orduan erabaki nuen saxofoi jotzailea izan nahi nuela”. Ikasketaren zati bat Donostian egin zuen, eta Bilbon eman zion jarraipena. “Karrera aukeratzeko ordua zen, eta gure aitarentzat musika ez zen lanbide bat. Hala, Magisteritza aukeratu nuen, Bilbon. Hala, Zumaiako Musika Eskolan izan nuen irakasle batekin, Judit Monasteriorekin, saxofoia ikasten jarraitzeko aukera ere izango nuen”. Magisteritza, baina, ez zuen gogoko. “Praktikak egin ondoren, esan nuen ikasketetara ez nintzela bueltatuko. Gradu profesionala amaitu arte egin nuen Magisteritza”.
Garai hartan Zumaiako Musika Bandan ere jotzen zuen saxofoia Alonsok. “Hemeretzi urte nituen arte edo egon nintzen Bandan, baina Bilbora ikastera joan nintzenean huts egiten hasi nintzen; hala ere, azaltzen nintzen noizean behin. 21 urterekin kanpora joan nintzenean utzi nuen Banda, eta faltan sentitzen dut”.
Banda bakarrik ez, instrumentua bera ere utzi zuen Alonsok garai hartan. “19 urte nituen arte saxofoia ikasi nahi nuela nioen, baina kableak gurutzatu zitzaizkidan eta uztea erabaki nuen. Kontserbatorioko azken urtea gaizki pasatu nuen, estresagatik, presioagatik. Bizitzan zer izan nahi nuen erabaki behar nuen garaia zen, eta denbora askoan ez nuen instrumentuaz ezer jakin nahi izan”. Saxofoiarekin irtenbide profesional handirik ez dagoela dio. “Orkestretan ez duzu jotzen solista moduan ez bada, behintzat. Eta zenbat musika banda profesional daude? Hemen gertukoak Bilbon eta Gasteizen. Eta zenbat plaza ateratzen dira? Irakasle izan zaitezke, baina klase batzuk eman nituen eta argi neukan hori ez zela niretzat. Ez nintzen saxofonista solista bezala ikusten, ezta musikari profesional bezala ere. Beste aukera batzuen bila hasi nintzen, eta musikako kudeatzailearen ikasketak aurkitu nituen”.
Denboraldi batean alboratuta eduki ondoren, orain noizean behin saxoa jotzen duela dio, “baina lanaren exijentziarekin ez dut denborarik. Londresen saiatu naiz talderen batean sartzen, baina ez da Euskal Herrian bezala, edozein lagun ongietorria dela; taldean mantentzea eskatzen dizute Londresen, eta huts egiten baduzu, kaleratu ergiten zaituzte. Amateurrak dira, baina hemen baino zorrotzagoak”.
Orkestraren lan ezkutua
Musikarekin harremana mantendu nahi zuela-eta, Musika Kudeaketa ikastera joan zen Londresera. “Hemen ez zegoen karrera hori ikasteko aukera handirik; Erresuma Batuan eta Ameriketan eskaintzen zuten. Erresuma Batura joan nintzen. Amerika hain urruti ikusten nuen…”. London Universityn egin zuen karrera, eta University of Westminsterren masterra. Behin ikasketak amaituta, musikarien agentzia batean hasi zen lanean. “Orkestretako pertsonal buruek agentzietara deitzen dute musikari bat behar dutenean, eta gure lana musikari hori lortzea izaten zen”. Lan horretan egindako harremanei esker hasi zen Alonso gaur egun ‘lantoki’ duen English Chamber Orchestrarekin kolaboratzen. “61 urteko historia du orkestra honek eta mundu mailan musika gehien grabatu duen ganberako orkestra da. Solista onenek grabatzen dute orkestra honekin, eta munduan zehar ere bidaiatzen du”.
Hasieran freelance moduan kolaboratzen zuela dio, oraindik musikarien agentzian lan egiten zuen garaian. “Ordu bat sartzen nuen astean, bi ordu... Noizean behin beraiekin bidaiatzen zuen..., baina hor pandemia heldu zen, eta lanik gabe geratu nintzen agentzian. Sei hilabete egon nintzen horrela. Noizean behin orkestraren administraziorako lan batzuk egiten nituen. Baina, orain urtebete, orkestrak dirulaguntza bat jaso zuen COVIDak eragindako kalteei aurre egiteko, eta horri esker hasi nintzen bertan lanean, hasieran hiru egunez, gero lau egunez, eta orain lanaldi osoan”.
Ikusten ez den lana egiten du Alonsok. “Proiektu baterako kontratua sartzen den momentutik dena kudeatzen dut: musikariak lortu; partiturek copyrighta badute, horiek alokatu; baimenak eskatu; solisten kontratazioa kudeatu; entsegu lokala lortu, orkestrak egoitza fisikorik ez duelako... Ekoizpen lana da, gauza pila bat egin behar dira, eta hilabeteetako lana dakar”.
Gaur egun duen lanbidea, administratzailearena, Zumaian hasi zuela gogoratzen du. “Bandan musikariak behar zirenean deika ibiltzen nintzen. Gero, Marixi Sesmarekin, Sapere Aude Sinfonietta sortu genuen, eta hor egiten nituen lan horiek. Hor konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala, eta afizio moduan hasi zena lanbide bihurtu da”.
Pandemia garaian English Chamber Orchestra geldi samar egon dela dio: “online kontzertuak eman ditugu, eta disko batzuk ere grabatu ditugu, baina jendaurreko kontzerturik ez”. Gauzak aldatzen ari direla dio. “Hasi da lana sartzen hurrengo denboraldirako”. Bulegoa utzi eta orkestrarekin bidaiatzen hasiko da orain, eta horrek urduri jartzen duela dio. “Azaroan hamabost egunez izango gara Saudi Arabian eta inguruko herrialdeetan. Bitartean Londreseko lana ere egin beharko dut, eta horrek arduratzen nau”.
Gustura dago orkestrako kudeatzaile lanetan, baina ez daki noiz arte segituko duen. “Nik jarraitu nahi dut, baina ea nola doan. Ez dut nire bizitza osoa orkestra batean lanean ikusten, asko nekatzen du-eta. Baina musikarekin zerikusia duen zerbaitetan jarraitu nahi dut... Hori bai, lasaiago”.
- Adina: 30 urte.
- Ikasketak: saxofoiaren gradu profesionala, Music Business Managemente London Unoversityn, eta Events and Conferences Management University of Westminsterren.
- Lanbidea: orkestra administratzailea.
- Orkestra administratzailea izango ez banintz... saxofonista.
- Lanean ateratzean gogoko dut... Sozializatu, lagunekin egon eta hitz egin, gehienbat azken urteetan.