Bihartik aurrera COVID ziurtagiria beharko da gaueko aisialdiko hainbat jardueratan

Anartz Izagirre 2021ko abe. 3a, 17:43

Osasun larrialdia indarrean da berriro ere, eta Labi aholku batzordeak bilera egin du 16:30ean pandemiaren bilakaera aztertu eta neurri berrien inguruan hitz egiteko. Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu duenez, bihartik aurrera COVID ziurtagiria beharko da gaueko aisialdiko jardueretan eta 50 pertsonatik gorako tabernetan zein jatetxeetan, eta ziurtagiria espazio itxi gehiagotara zabaltzea aztertzen ari dira orain.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek bihartik aurrera COVID ziurtagiria erakutsi beharko dute aisialdirako hainbat jardueratan —Nafarroan ezarrita dago jada—. Hain zuzen ere, gaueko aisialdiko jardueretan eta 50 pertsonatik gorako edukiera duten tabernetan zein jatetxeetan eskatuko dute ziurtagiria. Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenak baimendu egin du hiru lurraldeetan ziurtagiria aplikatzea —Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ez zuen baimendu—, eta bihar, larunbata, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko dute erabakia.

COVID-19aren bilakaera ikusita, osasun larraldia ezarri du berriro ere Eusko Jaurlaritzak, eta horrekin batera, Labiren aholku batzordea deitu du gaur arratsaldean. Bertan eman ditu ziurtagiriaren inguruko xehetasunak Iñigo Urkullu lehendakariak, eta juntadizo horretan "neurri prebentibo osagarriak" ere aztertuko direla nabarmendu du. Era berean, COVID ziurtagiria espazio itxiko beste eremu batzuetara zabaltzea ere aztertzen ari direla jakinarazi du lehendakariak; esaterako, publikoa tente egon ohi den ekitaldietan, ostalaritzako beste gune batzuetan, gimnasioetan zein kirola egiten den beste gune itxietan eta ospitaleetako nahiz zentro soziosanitarioetako bisitetan ezarri nahi du Eusko Jaurlaritzak ziurtagiria. Horretarako, baimena eskatu beharko dio lehenik Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari.

"Birusak eta arriskuak gure artean jarraitzen dute", adierazi du Urkulluk bere hitzartzearen amaieran, eta arrisku egoerak saihesteko eskatu die herritarrei. Era berean, indarrean dauden neurriak eta neurri berriak betetzeko ere eskatu du lehendakariak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide