COVID ziurtagiriaren ezarpenaren inguruko xehetasunak, puntuz puntu

Anartz Izagirre 2021ko abe. 4a, 12:07

Gaur, larunbata, argitaratu dute EHAAn COVID ziurtagiriaren derrigortasuna jasotzen duen agindua, eta bertan, haren erabileraren inguruko hainbat xehetasun zehaztu dituzte.

Osasun larrialdia indarrean da berriro ere, eta Labi aholku batzordeak bilera egin zuen atzo pandemiaren bilakaeraren inguruko hainbat erabaki hartzeko. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak COVID ziurtagiriaren derrigortasuna ezartzen duen agindua publikatu du gaur, larunbata, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian (EHAAn), eta ebazpenean, ziurtagiriaren erabileraren inguruko hainbat xehetasun jaso dituzte, hainbat puntutan. Honakoak dira puntu nagusiak:

1.- Non ezarriko dute?

Aisialdiko jarduerak eskaintzen dituzten establezimenduetan, hala nola, diskotekak, dantzalekuak, ikuskizunak eskaintzen dituzten dantzalekuak, musika-tabernak, karaokeak, eta Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren III. eta IV: taldeetan sartzen diren jarduera guztiak. Aipatutako dekretuaren III. taldean sartzen diren pub eta taberna bereziei dagokienez, neurria 22:00etatik aurrera eskatuko da.

Jantokietako toki baimendua 50 lagunetik gorako edukieran daukaten jatetxeetan.

2.- Nahitaezkoa izango al da?

Aurreko puntuan adierazitako establezimenduetara sartzeko eta bertan egon ahal izateko beharrezkoa izango da Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) erakustea establezimenduetako arduradunei, paperean nahiz euskarri digitalean, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua Euskal Autonomia Erkidegoa osoan 100.000 biztanleko 150ekoa edo gehiagokoa baldin bada. Betekizun hori ez da beharrezkoa izango 12 urtetik beherakoentzat, adinagatik sartu daitezkeen establezimenduetarako.

3.- Non eta nola eskura daiteke ziurtagiria?

Honako lotura honetan agertzen da COVID ziurtagiria eskuratzeko jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren.

4.- Nork kontrolatuko du neurria betetzen den ala ez?

Establezimenduetako jabeek nahiz agintaritzaren agenteek noiznahi eskatu ahal izango diete establezimenduetan dauden bezeroei lokalera sartzeko aurkeztutako dokumentazioa erakusteko, benetakoa dela egiaztatu ahal izateko.

Honako lotura honetan irakur daiteke agindua, osorik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide