Komenturako duen proiektua azalduko du gaur udalak

Juan Luis Romatet

Argazkia: Wikipedia

San Jose komentua musika, dantza eta antzerkirako topagune bihurtzeko asmoa du udalak. Proiektua herritarrei erakusteko asmoz, erakusketa zabalduko da gaur.

San Jose komentua kultur topagune bihurtu nahi du Zumaiako Udalak. Komentua Kultur Topagunea izeneko egitasmoa eta mojaxarren komentu zaharraren eraberritze prioiektua herritarrei erakusteko ekitaldi sorta prestatu du udalak datozen egunetarako.

Hala, gaurtik abenduaren 19ra bitartean erakusketa egingo da Komentuko kaperan. Eraikinaren eraberritze proiektuaren planoak eta xehetasunak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Erakusketa egunero izango da zabalik denbora epe horretan, arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara. Larunbatetan eta igandetan eguerditan ere bisitagai izango da, 12:00etatik 14:00etara.

Erakusketaren lehen egunean, gaur bertan, aurkezpen ekitaldia izango da, 18:00etan. Proiektua egin duen arkitekto estudioko kideek 3D planoekin azalpenak emango dituzte, eta Kultur Topagunearen egitasmoaren inguruko xehetasunak ere azalduko dituzte.

Abenduaren 11n, berriz, bisita gidatua izango da. Bertan parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute kulturetxea@zumaia.eus helbidera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide