Ingurumen Administrazioaren Legea onetsi du Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren botoei esker; oposizioko talde guztiek, kontrara, aurka bozkatu dute. Polemikoa izan da lege proiektuaren tramitazioa, EAJk zuzenketa bat aurkeztu ziolako —PSE-EEren babesarekin—, eta zuzenketa horrekin figura berri bat sortuko delako: interes orokorreko proiektua. Horren bidez, gobernuak eskumena izango du proiektu bat "interes orokorrekoa" dela baieztatzeko, eta, hala eginez gero, udalek ezin izango diote uko egin proiektu hori beren herrietan ezartzeari. Azken finean, Lurralde Antolamendurako Legea aldatu egingo da eta udalei eskumenak kenduko zaizkie.
Horren harira, mozioa aurkeztu zuen Zumaiako EH Bilduk azaroan egin zen ezohiko bilkurara. Bertan, "kezka handia" zutela adierazten zuen mozioa aurkeztu zuen koalizioak, izendapen horrek "lurralde-antolamenduko eta hirigintza-plangintzako tresna guztiak azpiegitura berrira egokitu beharra" ekarriko duelako; "hau da, IPGPak, herritarren parte-hartzearekin eginiko udalen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrei inposatu egingo zaizkie, balizko interes orokorreko proiektu horiek toki-eremuko administrazio publikoen irizpidearen aurkakoak izan arren". Figura hau, mozioa aurkeztu zuen alderdiaren arabera, "lurralde- eta hirigintza-plangintzaren inguruan ezarritako adostasunaren aurkako eraso bat da. Toki-eremuko autonomia eta demokrazia nabarmen urratzea, udalari ez baitzaio aukerarik ematen bere lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituen erabilerak mugatzeko".
Mozioa EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen; EAJ eta PSE-EE mozioaren aurka agertu ziren.
Alderdien iritziak
Zumaiako EAJren udal taldearen arabera, atzo onartutako lege honek "nabarmen hobetzen du" indarrean dagoen legea, eta "aurrera egiten du ingurumenean eragina izan dezakeen jardueren kontrolean, kalitate estandar handiak mantenduz eta ikuskapen eta kontrol lanak indartuz".
"Bizi-kalitatea eta ongizate orokorra" hobetuko dituela ere uste du Zumaiako EAJren udal taldeak. Bere esanetan, "arau honen helburuak orokorrak dira, eta gainera, erantzunkidetasun publiko-pribatua bultzatuko du ingurumenaren babesean (...) Lege hau beharrezkoa da gure ingurunea ahalik eta gehien babesteko.
Gaineratu duenez, EH Bilduk "eztabaida alderdikoia ireki du, baina ez udalekoa, udalen autonomia printzipioarekin ez kontraesanean ezta makaltzen duen figura baten inguruan. Ez gaude figura berri baten aurrean, ezta udalen udal-autonomiaren printzipioa higatzen duen figura baten aurrean ere. Bere ezarpena hainbat epai konstituzionalek bermatzen dute eta autonomia erkidego askotan komuna da". EAJren ustetan, lege teknikoa izan behar zuena, lege politikoa bihurtu da, "EH Bilduk bere gerra berezia egin duelako eta oposizioko gainerako taldeak arrastaka eraman dituelako".
PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonen esanetan, "aurrerapen handia da, ingurumeneko erronka berriei aurre egiteko arauen engranajean eguneratu beharra zegoen beste pieza bat bezala. Onartu berri den beste arau “berde” bati jarraipena ematen dio, naturaren kontserbazioari buruzkoari, alegia". Marañonen esanetan, lege honek "berme azkarrak eskaintzea du helburu, tokiko esparrua gainditzen duten ingurumen-erronka globalei aurre egiteko".
Iñaki Ostolaza alkatearekin harremanetan jarrita, azaroko bilkuran udalak onartu zuen moziora mugatu du bere iritzia.