Etxera bueltan da sahararren kanpalekuetara materiala eraman duen Euskal Karabana

Mireia Galarza Bastida

Askotariko materiala utzi dute bertan, baina kolaboratzaileek azaldu dutenez, oso denbora "gutxi" izan dute bertako familiekin egoteko. 

Abenduaren 2an abiatu zen Euskal Karabana Gasteiztik Saharako Tindufeko sahararren errefuxiatuen kanpalekuetara, eta tartean izan dira Zumaiako Darahli elkarteko kideak ere. 

Arropa eta bestelako materialez bete zituzten ibilgailuak, eta beraien helburua beteta, bueltan dira kideak. Ostegunean egin zuten azkenengo material banaketa, eta hori egin ondoren, aukera izan zuten bertako familiako kideekin egoteko.

 

Peio Romatet Darahli elkarteko kolaboratzaileak azaldu duenez, ordea, "nahi zutena baino askoz ere denbora gutxiago" egon ziren bertako familiekin, atzo goizean utzi behar izan zituzten-eta hemendik eramandako ibilgailuak, aurrerantzean errefuxiatuek erabil ditzaten. "Denok dakigu zertara etorri garen, baina inork ez zuen espero beraiekin bi gau bakarrik pasatzea. Beste egun bat edo bi gehiago geratzea espero genuen, bai guk eta bai bertako familiek", azaldu du zumaiarrak.

Atzo bertan hartu zuten Tindufetik Argelera hegaldia, eta gaua bertan pasa ostean, gaur hartuko dute etxerako hegazkina. Dena ondo bidean, gauerdian iristea espero dute. 

 

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide