Zumaiako txokoen eta paisaien irudiez osatutako egutegia prestatu zuen Distira argazki elkarteak orain hilabete batzuk, eta oraindik eros daitezke. Herrira opor garaian etorritako bisitariek beren etxeetara oroigarri bat eramateko asmoarekin ondu bazuten ere, gabonetako opari gisa "aproposa" izan daitekeela adierazi du elkarteak. Haren salmentarekin, herriko merkatariak eta ostalariak lagundu nahi dituzte.
Almanakak hamahiru argazki biltzen ditu: hilabete bakoitzerako bana, gehi azalekoa. Zehazki, elkarteko hamahiru bazkidek parte hartu dute; haietako bakoitzaren argazki bat dago egutegian. Formatu txikiko egutegia da: "Mahaiko egutegia da, erraz eramateko modukoa". Egutegia turismo bulegoan, Santa Klara nekazal etxean, Flysch hotelean, Jesuskoa nekazal etxean, eta Xiru eta Mandala saltokietan eros daiteke hiru euroren truke.