Cosme Agirrek ezin izan du final laurdenetara pasatu

Juan Luis Romatet 2021eko abenduaren 13a

Bakarkako zesta punta txapelketa aurrera doa, eta partaide diren bi zumaiarretatik bat kalean geratu da, Cosme Agirre, hain zuzen. 

Berriatuan ari dira jokatzen aurtengo Bakarkako zesta punta txapelketa. Final laurdenetara sailkatzeko partidak jokatu ziren pasa den ostiralean. Bi txartel zeuden jokoan, eta lau pilotari lehian. Horien artean zen Cosme Agirre zumaiarra.

Ludovic Laduche pilotari lapurtarra zuen aurkari Agirrek arratseko bigarren partidan. Lehia polita eskaini zuten bi pilotariek, adituen arabera, orain arte bakarkako txapelketa honetan ikusitako onena. Biek ala biek ondo jokatu zuten, baina Laduchek ez zuen hutsik egin. Bi setetan irabazi zuen partidak: 6-12 eta 9-12.

Abenduaren 17an eta 23an jokatuko dira txapelketako final-laurdenak. 23ko jardunaldian sartuko da jokoan Imanol Lopez atzelari zumaiarra. Barandika izango du aurkari egun horretan. 

Txapelketako finalerdiak abenduaren 30ean jokatuko dira, eta finala urtarrilaren 7an.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide