Pasa den asteazkenean hasi eta igandera bitartean egin da Klarinete Maratoiaren hogeigarren edizioa. Azkenean, COVID-19ak izan du eragina maratoian. Izan ere, ostiral arratsaldean Legazpiko musikariek eman behar zuten kontzertua bertan behera geratu zen, partaideetako batzuk konfinatuta zeudelako.
Sapere Aude Sinfoniettak asteazkenean eman zuen kontzertuarekin hasi zen maratoia asteazkenean, eta Urval Ensemble klarinete laukoteak eta gonbidatuek igande arratsaldean eskainitako emanaldiarekin amaitu da. Tartean, musika eskoletako eta kontserbatorioetako ikasleek emandako kontzertua, Klarinete Laukoteen lehiaketa eta ikastaroetako ikasleen emanaldia izan dira, besteak beste.
Laukoteen lehiaketa larunbat arratsaldean egin zen Komentuan, eta hiru sari banatu zituzten. Ludoteka Sariaren irabazleak (argazkian) Nalia Martin, Jon Loiarte, Leo Ballesteros eta Iker Gorospe izan dira; Gaztetxola Sariarena Ane Balerdi, Uxue Olaizola, Leire Usabiaga eta Amaiur Artola; eta Jaialdi Sariarena Xabier Ruiz de Azua, Aitor Juez, Kerman Martin eta Kepa Erkizia.
