Euskal mitologiako pertsonaien bisita izango dute igandean Zumaienako Baso magikoan

Juan Luis Romatet 2021eko abenduaren 14a

Gabon garairako prestatutako ekitaldien barruan, euskal mitologiako pertsonaien bisita izango dute datorren igandean Zumaiena Ikastetxeko Baso magikoan. Sarrerak salgai daude dagoeneko, eta jasotako dirua Darahli elkarteari emango diote. 

Basajaun, Olentzero, sorginak... euskal mitologiako pertsonaia hauen bisita izango da datorren igandean, hilaren 15ean, Zumaiena Ikastetxeak orain gutxi aurkeztu zuen Baso magikoan. 15:00etatik 20:00etara bitartean egingo da bisita hau, eta ikastetxeko arduradunen esanetan, "Zumaiako haur eta familiek bertaratu eta momentu eder bat bizitzeko aukera izango dute". Ekintza honen antolaketa lanean ikastetxeko guraso elkarteak eta Batxilergoko ikasleek lagundu dute. 

Ekimen solidarioa izango dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta, horregatik, bisitara gerturatzeko prezio sinboliko bat jarri dute: 10 urtetik beherako haurrentzako 2 euro, eta gainontzekoentzako 3,5 euro. Jasotako dirua saharar herriari laguntzen dion Darahli elkarteari emango zaiola ere gaineratu dute Zumaienako kideek. 

Txartel horiek erosteko Zumaiena Ikastetxeko idazkaritzarik pasa beharko dute interesdunek, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:00etara eta 14:45etik 17:00etara bitartean. Bisita talde txikitan egingo da, eta ordutegia erreserbatu beharko da abenduaren 16rako. Bisitaren egunean bertan ezingo da ordurik hartu. Ekintzak 15-20 minutu inguru iraungo dituela azaldu dute antolatzaileek.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide