Abian da Gabonetako argazki lehiaketa

Maria Maya Manterola 2021eko abenduaren 15a

Gabonetako argazki lehiaketa herrikoia antolatu du beste urte batez udalak. Urtarrilaren 16ra bitarte, Gabon hauetako bi argazki aurkeztu ahal izango ditu parte hartzaileetako bakoitzak.

Geroz eta gertuago daude Gabonak, eta festa giroan murgiltzeko aitzakian, argazki lehiaketa antolatu du udalak. 2021-2022ko Gabonetan hartutako bi argazki aurkeztu ahal izango ditu parte hartzaile bakoitzak urtarrilaren 16a bitarte. 

Udalak jakinarazi du lehiaketa herrikoia dela, eta, beraz, argazkigintzako profesionalek eta epaimahaikideek ezin izango dutela parte hartu. Zuzeneko argazkiak aurkeztu beharko dituzte, eta gutxieneko tratamendu digitalak onartuko dituzte –kolorea, fokuratzea, enkoadratzea, txuri-beltza edota biratuak–, baina ez fotomuntatzeak. Artxiboak JPG formatuan egon beharko dira, eta gutxienez 1 Mb eta gehienez 10 izan beharko dute. Fitxategiaren izena argazkiaren izenburua izan beharko da. 

Urtarrilaren 16ra arte

Lanak distiraelkartea@gmail.com helbidean jasoko dituzte. Ohartarazi dute beharrezkoa dela mezuaren gaian "Gabonak Zumaia lehiaketa" jartzea, eta mezu berean, lehiakidearen datuak –izen-deiturak, adina, helbide elektronikoa eta telefonoa– adieraztea. Artxiboen tamainagatik mezu bakar batean bidali ezin badira, bat baino gehiagotan bidali daitezke, beti ere, horietako bakoitzean lehiakidearen datuak eta gainerako baldintzak zehaztuta.

Urtarrilaren 16a izango da lanak jasotzeko azken eguna. Distira argazki elkarteko hiru kidek osatuko dute epaimahaia, eta otsailean egingo dute sari banaketa. 

Argazki onenaren egileak 150 euroko balioa duen bonoa jasoko du herriko saltokietan erabiltzeko. Bigarren saria eskuratzen duenak, berriz, 100 euroko bonoa jasoko du Gertu elkartearen eskutik. Parte hartzaile gazteak ere sarituko dituzte, 16 urtetik beherako parte hartzaileek aurkeztutako argazki onena ateratzen duenak 50 euroko bonoa eskuratuko baitu.

Parte hartzaile guztien artean, gainera, Juanjo Larrañaga harategian erabiltzeko 50 euroko erosketa bonoa zozkatuko dute.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide