Gaur zabalduko ditu ateak Distira elkartearen erakusketa kolektiboak Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Elkarteko hogei bazkideren lanak ikusteko aukera izango dute Erribera kaleko aretotik pasatzen diren lagunek.
Erakusketa garrantzitsutzat jotzen dute abenduko hau Distirako kideek. "Oso garrantzitsua da. Izan ere, gure burua ezagutzera emateko modua eskaintzen digu, jendeak ikus dezan badagoela argazkizaleen talde bat herrian, eta argazkiak ateratzeko gai garela", azaldu du Soraya Lopezek, Distirako presidenteak. "Gainera, Zumaian denok ezagutzen gara, eta batzuk harrituta geratuko dira, ez zekitelako ezaguna duen pertsona horrek argazkigintzarako zaletasuna duela", gaineratu du. Aurreko urteetako erakusketaren bat ikusita elkartera batu den jendea ere badela dio Lopezek. "Distirako bazkide bat orain bi urte batu zen elkartera, erakusketa zaintzen ari ginen unean bertan".
Lehen aldia, batzuentzat
Hogei argazkigileren lanak ikusi ahal izango dira Oxforden urtarrilaren 9ra arte. "Argazkigile bakoitzak lan bakarrarekin hartu du parte. Kontuan hartu behar da elkarteko bazkideen erdiak baino gehiagok aurkeztu duela argazkiren bat erakusketarako. Ni elkartean nagoenetik kopuru handiena da". Batzuen kasuan, gainera, lehendabizikoz erakutsiko dituzte beraien lanak jendaurrean. "Aurretik egin ez duzunean, zure lanak erakustea ez da erraza; asko kostatzen da, eta badago jende bat bultzada bat behar duena, edo editatzerako orduan laguntza behar duena. Baina, denok izan gara noiz edo noiz hasiberriak, eta badakigu halakoetan zer sentitzen den", nabarmendu du elkarteko presidenteak. "Gero, behin ikusleen iritzi positiboak jasotzen dituztenean, lotsa hori galdu eta poztu egiten dira erakusketan parte hartu izanagatik".
Gaia librea izan dute argazkigileek, eta, hori dela eta, denetariko irudiak ikus daitezke Oxfordeko hormetan zintzilikatuta: gauekoak, estudioan ateratakoak, ur azpikoak, paisajeak, bidaietakoak, Euskal Herriko txoko desberdinetakoak, baita teleskopioarekin ateratakoak ere.
Bazkideen lanak ikusita, sorpresa politak izan dituela ere azaldu du Lopezek. "Elkartean denbora oso gutxi daramaten bazkide batzuk oso ondo ateratako eta editatutako lanak aurkeztu dituzte. Maria Roaren kasua da; argi ederra du harenak. Edota Ivanena, oso originala den eta ateratzeko zaila den argazki bat aurkeztu du. Beste batzuk, dagoeneko ezagutzen nituenak, Eva Francorena kasu, zoragarriak iruditzen zaizkit", nabarmendu du elkartearen presidenteak.
Elkartearen erronkak
Elkartea, oro har, egoera onean aurkitzen dela dio Lopezek. "COVID-19a dela eta, ez gara lehen bezainbeste biltzen, baina telematikoki egiten ditugu gure bilerak, eta aurreikusita genituen jarduera guztiak mantendu ditugu". Etorkizunera begira, baditu eskaera batzuk Soraya Lopezek. "Oraindik bere lana erakutsi gabe duen jende horrek ikasten jarraitzea nahiko nuke, eta beldur hori galtzea. Bazkideei ikasten jarraitzeko eta hobetzen joateko baliabideak jartzea da gure helburua".
Barruan, estudioan, ateratako argazkietan sakontzea du desioetako bat Lopezek. "Paisajeen argazkiak ateratzea beti da errazagoa, baina argazkia argia da, eta argazkigintza benetan barruko lekuetan ikasten da, zure konposizioak sortu behar dituzulako leku horietan. Argiarekin lan egiten ikasi behar duzu, argi horiek zuk nahi duzun moduan jartzeko. Guk, Distiran, arlo horretan asko dakien jendea daukagu eta zortedunak gara horregatik".
Argazkigintza gaztetxoei ere eskaini nahi diete, Lopezen esanetan. "Mundu honetara erakarri nahi ditugu gazteak, sakelako telefonoarekin argazkiak aterata besterik ez bada, hori ere gure lanarekin bateragarria baita". Emakumeen parte hartzea ere indartu nahi dute elkartean. "Hori da argazki elkarteok, eta gizarteak oro har, dugun erronketako bat. Emakume argazkigileak gizonekin parekatzea nahiko genuke. Emakume asko hasten da argazkigintzan, baina loturak tarteko, askok, gehienek utzi egiten dute".
Distiraren argazki erakusketa kolekiboa 2022ko urtarrilaren 9ra arte izango da zabalik Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan, egunero, 18:00etatik 20:00etara.
