Gipuzkoar bat, arabar bat eta bi bizkaitar izango dira protagonistak larunbatean Gernikan, pasa den urrian Munduko txapelketako finala jokatu zuten lau puntistak, alegia. Final hartako errebantxa ikusteko aukera izango da zapatuan: munduko txapeldun diren Maite eta Eneritz, txapeldunorde diren Ihart eta Maialenen aurka neurtuko dira.
Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra (Zumaiako Pilota Elkarteko kidea), Eneritz Lizardi mutrikuarra (Danok Bat klubekoa), Ihart Arakistain sopeloztarra (Berriatuko klubekoa) eta Maialen Aldazabal berriatuarra (bere herriko klubean). Emakumeen zesta-puntak azken urteetan hartu duen indarraren adibide dira laurak. Zaharrena Lizardi da, eta 17 urte ditu; gainerakoak gazteagoak dira.
Gernikako frontoira egokitzeko lanetan ari dira egunotan lau pilotariak. Izan ere, 57 metroko frontoi luzea da Gernikakoa eta pilotak ere ondo aukeratu beharko dituzte kantxa horretan jokatu ahal izateko.
Gizonezkoen erronka jarraian
Emakumeen ondoren, gizonezkoen txanda izango da. Erronka izango da Gernikako frontoian Erkiaga-Lekerika eta Goikoetxea-Lopez pilotarien artean. Goikoetxea eta Lopez 'garaitezinei' botatako desafioa da larunbatekoa. Erkiagak eta Lekerikak etxean jokatuko dute, eta pilota bizia aurkitzen badute, ez dizkiete gauzak erraz jarriko di zumaiarrei.