Seigarren olatuak indartsu jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian argitaratutako datuen arabera, 358 kasu positibo detektatu dira Urola Kostan hiru eguneko epean. Aurreko egunetan gertatu bezala, Azpeitian eta Zarautzen izan dituzte kasu gehien, baina kezkatzekoa da, baita ere, Orion detektatutako positibo kopuru handia.
24 dira hiru egun hauetan, astelehenetik asteazkenera bitartean Zumaian detektatutako kasu positiboak. Kopuru handia izanda ere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak eskualdeko baxuena izaten jarraitzen du. 936,21eko tasa du gaur egun Zumaiak.
80 kasu detektatu dira Azpeitian astelehenetik asteazkenera bitartean egindako probetan. Horren ondorioz, Urola Erdiko herriak duen 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 2.660,97koa da. Astelehenean plazaratutako datuekin alderatuta, ia 150 puntu jaitsi da tasa, hau, baina, hala ere, eskualdeko handiena da oraindik ere.
Zarautzen, aldiz, 75 kasu atzeman dituzte hiru eguneko epean, eta tasa 1.683,30ekoa da. Hemen ere jaitsi egin da tasa asteleheneko datuekin alderatuta, 47 puntuan, hain zuzen. Orion, berriz, beste 60 kasu izan dituzte, eta intzidentzia tasa 2.641,88koa da kostaldeko herri honetan: 815 puntu igo da tasa aste hasieratik hona.
Azkoitian beste 45 kasu detektatu dituzte –kasu metatuen tasa 1.418,68koa da–, 38 Zestoan –2.182,85eko tasa–, hamahiru Aian –1.964,74ko tasa–, 11 Getarian –1.378,09ko tasa–, hiru Errezilen –1.127,21eko tasa–, eta bakarra Beizaman –4.838,71ko tasa–. Hiru egun hauetan Aizarnazabalen ez dute kasu berririk ezagutu; 1.170,35 tasa du gaur gaurkoz.
Ospitaletako egoera
Eskualdetik kanpoko panorama ez da hobeagoa. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 6.624 kasu positibo eman dira azken hiru egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osakidetzaren menpeko erietxetan 299 lagun daude ospitaleratuta, eta Zaintza Intentsibotako Unitateetan COVID-19agatik dauden pertsonak 100 dira.
Nafarroari dagokionez, azken datuen arabera 709 positibo izan ziren hilaren 14an, asteartean, eta hamabost lagun ospitaleratu zituzten egun horretan. Hiru lagun zeuden ZIUetan.