Bizitza duinak irabazteko

Maria Maya Manterola 2021eko abenduaren 16a

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta gehiengo sozialak deitutako greba orokorreko mobilizazioaren irudia, 2020ko urtarrilean.

Herriko hamabi eragilek bizi baldintza duinen eta eskubideen alde egiteko protesta deitu dute. Beheko plazatik abiatuko da, bihar, ostirala, 19:00etan.

Bizitza duina kapitalaren gainetik! lelopean, manifestazioa deitu dute herriko hamabi eragilek: ELA, LAB, ESK, Gure Esku, Zumaiako Mugimendu Feminista, Pentsiodunen mugimendua, Zumaiako Etxebizitza Asanblada, Zumaiako Natur Taldea, Malen Etxea, Ernai, Sortu eta Ikama. Bihar egingo dute protesta, 19:00etan Beheko plazatik hasita. 

Mobilizazioa deitzeko atera duten irakurketa bateratuaren arabera, "momentu erabakigarri" honetan, premiazkoa da bizi baldintza duinak aldarrikatzea: "Bizitzeko ezinbestekoak ditugun baliabideak nabarmen ari dira garestitzen, argindarra urrearen prezioan ari gara ordaintzen; gazteak prekarietatera kondenatuta daude, eta horri konponbiderik emateko zantzurik ez da ikusten; pandemiak osasungintzan urteetan egindako murrizketak agerian utzi arren, osasungintza publikoa ez da indartu; zaintza lanak aitortzetik urrun jarraitzen dugu…". "Prekarietateak hildako langileak", migratzaileen heriotzak, eraso matxistak zein LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoak ere aipatu dituzte, besteak beste. 

Iturburu bera dute horiek guztiek, antolatzaileen arabera: "Langileon eta emakumeon bizitzak zapalduz kapitala metatzea beste helbururik ez duen sistema kapitalista heteropatriarkala". Bizitza duina "beharrezkoa" izanik, egoera horri buelta emateko, "norabide aldaketa sakon bat" ezinbestekotzat jo dute: "Lan eta pentsio erreformak geratzea, pribatizazioekin amaitzea, zaintza sistema publiko bateranzko urratsak egitea...".

Herritarrak  aktibatu eta eskubideen alde kalera ateratzea beste irtenbiderik ez dagoela uste dute deitzaileek. "Modu kolektiboan" erantzun nahi diote, eta herritarrak protestan parte hartzera deitu dituzte. "Bizitza duina dugu irabazteko", gaineratu dute.  

"Gazteon etorkizuna bermatzeko aukera bakarra antolatzea da"

Zumaiako Ernaiko kide Manex Azkueren hitzetan, etengabe ikasteko eta formatzeko eskatu arren, gazteek ez daukate etorkizunik: "Etengabe formatzen jarraituta ere, gazteok etxerik gabe, lanik gabe eta etorkizunik gabe jarraitzen dugu".

Gazteak "prekarietatera kondenatuta" daudela azaldu du Azkuek, sistemarentzako "eskulan merkea" direlako. "Lan prekarioenak eta soldata txikienaren truke kontratatzen gaituzte, kontratatzen bagaituzte", dio. Emantzipatzeko zailtasunak ere aipatu nahi izan ditu: "Alokairua edo hipoteka dira bi aukerak, garestiak biak. Espekulazioa gehitzen badiogu ekuazio horri, emaitza da gazteok ezin garela emantzipatu, eta emantzipatzekotan, behartuta gaudela etxea elkarbanatzera". 

"Gazteen arteko gaixotasun psikosozialen  gorakada" ere nabarmendu nahi izan du Azkuek, eta testuinguru horretan "osasun arloko murrizketak" salatu nahi izan ditu. 

Egoera horretan, gazteen etorkizuna bermatzeko aukera bakarra "antolatzea" dela uste du Ernaiko kideak, "pertsonak erdigunean jarriko dituen Euskal Herri aske bat eraikitzeko".

"Gizarteko arazo komunei elkarrekin erantzuteko momentua da"

Etorkizuneko pentsio publiko eta duinak lortzeko bidean, "eskakizun desberdinak jasotzen zituen pentsiodunen plataforma" sortu zuten duela ia lau urte Zumaian. Pello Enparan Zumaiako pentsiodunen plataformako kidearen hitzetan, "sistemaren gabeziak" agerian geratu ziren 2008ko krisi ekonomikoaren ondoren. Horien artean, osasun publikoa, beharginen lan baldintzak eta pertsonen zainketa aipatu ditu, besteak beste.

"Pentsiodunen aldarrikapenei beste batzuk gehitu zitzaizkien orduan, ikuspegi globalagoa txertatuz. Eta panorama horretan gogor astindu gintuen COVID-19aren bisitaldi hilkorrak. Harrezkero, ugariak izan dira sektore anitzen arteko mobilizazioak, salaketak plazaratu eta alternatibak proposatzeko", azaldu du Enparanek.

Zumaian ere "borroka desberdin horiek batzera" dator bihar egingo duten mobilizazioa. Enparanek esan du gizartea astintzen duten arazo komunei batera erantzuteko momentua dela, "elkartasuna eta elkarrekintza uztartuz". Herritarrak mobilizazioan parte hartzera gonbidatu ditu pentsiodunen plataformaren izenean. 

"Burujabetza ezinbestekoa da jendartea goitik behera aldatzeko"

"Kapitalaren eta bizitzaren artean aukeraketa bat egitea" beharrezkoa da, Maddi Altuna Zumaiako Mugimendu Feministako kidearen arabera. "Guk, bizitza bizigarriak, bizitza duinak aukeratzen ditugu", azaldu du.

Guztia aldatzeko, "errotiko aldaketa" beharrezkoa dela uste du Altunak. "Ekonomia adituen kontu bezala saltzen digute, baina berez, oso sinplea da kontua. Ondo dakite hori etxeetako ekonomia eramaten duten emakumeek", dio. 

"Ondo bizitzeko behar dena" argitu beharra dago, Altunaren arabera, aldaketarako bideak hasteko gero: "Oinarrizko beharren desmerkantilizazioa (etxebizitza, elektrizitatea...), zaintza eta pentsio sistema publikoak, osasun eta hezkuntza sistema publiko indartsuak, lan baldintza duinak guztiontzat, indarkeria matxisten aurkako politika publiko sendoak, Atzerritartasun Legearen abolizioa...". Norbere bizitzaren gaineko erabakiak hartu eta "jendartea goitik behera" aldatzeko, burujabetza ezinbestekoa dela uste du. Bihar kaleak hartu eta bizitza duinak aldarrikatzera animatu ditu herritarrak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide