Mamma mia: dantzarako gonbidapena abenduan

Maria Maya Manterola 2021eko abenduaren 18a

Emanaldi xumeagoez gain, aldian-aldian, bizpahiru urtetik behin, jendaurreko emanaldi handia egiten du Astindu dantza taldeak. Abenduaren egingo dute aurtengoa: Zumaiako Musika Bandarekin elkarlanean, ‘Mamma mia! Gure musikala’ emanaldia eskainiko diete zumaiarrei. Bi emanaldi izango dira, 18:00etan lehena eta 20:00etan bigarrena. Azken horretarako sarrerak badaude oraindik turismo bulegoan (14:00ak arte), 8 euroan; 4 euroan 12 urtez azpikoentzat. 

Erritmo gogoraerrazak, ezkata distiratsuak eta pop doinu itsaskorrak. Lau hamarkada igaro arren, ezaguna zaigu oraindik ere ABBA musika taldea. Mamma mia! musikala hautatu dute aurtengoan Astindu dantza taldeko kideek bizpahiru urtean behin egiten duten emanaldi handirako. Dena den, emanaldia moldatu eta “herrira ekarri” dute. Mamma Mia! Gure musikala izenburupean, abenduaren 18an izango da musika, dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizuna.

Abenduan estreinaldia izanagatik, urtarrilean hasi ziren ideiari bueltaka. “Urteko programazioa aurkezten da urtean behin egiten den bazkideen batzarrean. Jendeak proposamenak egiten ditu. Ideia da bizpahiru urtetik behin zerbait inportantea egitea herriari begira, eta aurten, gainera, hamar urte dira Astindu sortu zela. Batzar batean atera zen ideia hau. Musika alaia da, oso ezaguna… Jendea erakartzeko ezaguna izan behar dela uste dugu, eta aproposa da, nire ustez”, azaldu du prozesuaren abiapuntua Mila Bakedano Astinduko kideak.

"Milak esan zidan ideia bat zeukala eta gero komentatuko zidala, eta nire golkorako pentsatu nuen… ‘Ea zerekin datorkidan orain!"

Hasierako ideia xume hartatik puztu eta puztu egin da proiektua. Rock talde batekin egitea zen lehen asmoa, baina azkenean, ZUMB Zumaiako Udaleko Musika Bandarekin egingo dute. Joxe Mari Azkue Bandako zuzendariak ondo gogoan du proposamena jaso zuen eguna: “Bilera batean elkartu ginela gogoratzen naiz. Milak esan zidan ideia bat zeukala eta gero komentatuko zidala, eta nire golkorako pentsatu nuen… ‘Ea zerekin datorkidan orain!’. Hortxe hasi ginen. Bandan esan nuen zein zen proposamena eta denak hartu zuten pozik”.

Aste Santuaren bueltan hasi ziren entseguekin. Pavis Beiras da koreografoa, 2013ko Kabareteko 2019ko Queenen inguruko emanaldiko bera. “Aspaldian esan genion, eta bera pozik. Horrelako lanak egiten ditu Bilboko Kontserbatorioan, besteak beste. Gu 50 inguru gara, eta lan handia da… Ederra oilategia!”, aitortu nahi izan du Beirasen lana Bakedanok.

Halako emanaldien bidez, herrira gerturatzen da dantza taldea. Bakedanok azaldu du jende berria hasi dela taldean, eta bazkide ere egin direla batzuk: “Nahi baduzu bazkide egin zaitezke, eta, bestela, izena eman eta diru bat ordaindu behar duzu. Batzuk badaude horrelakoetan bakarrik parte hartzen dutenak. Queenen ere bai”.

Mamma mia, Queenen ondotik

Musikal honetan dituzte orain indarrak jarrita, baina badute arantzatxo bat: Queen taldearen inguruko emanaldia errepikatzeko asmoa agertu dute Astinduko kideek. “Teknikoki ez zen guk nahi bezala atera. Dantza eta dantza arteko tarteetan bideoak proiektatu behar genituen, baina azkenengo momentuan ordenagailua izorratu egin zen, eta bideorik gabe geratu ginen”, dio.

“Hasiberriak gara horretan. Nik ez dut inoiz antzerkia egin, ezta eskolan ere. Ni apuntatu nintzen, eta gero damutu. Zeinek esan ote dit niri hori egitera ausartzeko?”

Aurreko emanaldiekin alderatuta, badu berrikuntza bat aurtengoak. Dantza eta dantza artean, piezak nolabait josteko, antzerkia egingo baitute Astinduko kide batzuek. Mila Bakedano izango da horietako bat: “Hasiberriak gara horretan. Nik ez dut inoiz antzerkia egin, ezta eskolan ere. Ni apuntatu nintzen, eta gero damutu. Zeinek esan ote dit niri hori egitera ausartzeko?”. Dena den, “egunean bertan ateratzen dena ateratzen dela”, ederra izaten da, Bakedanoren ustez.

Abestien moldaketak egiten hasi zenean egin zion galdera berbera Azkuek bere buruari. Izan ere, dantzatu behar duten bertsioa behar izaten dute entseguetarako, ez originala. Eta Azkuek egin ditu abestietako moldaketa horiek guztiak: “Partiturak bilatzen hasi ginen, baina ez zegoen bat bera ere. Musika guztia moldatu behar izan dut, ia hiru hilabeteko lana izan da. Abestiak aukeratu zituzten, eta zer zegoen begiratu nuen. Dantzarako behar zirenekin ez zeukaten zerikusirik. Beraiek esaten zidaten zer abesti entseatu behar zituzten hurrengo hilabetean, eta nik prestatzen nituen abesti horiek. Irailaren amaierarako prest zeuden abesti guztiak. Hamar dira guztira; bederatzi dantzatuko dituzte”.

Ia 100 zumaiar taula gainean

Azkueren hitzetan, “makroproiektua” bilakatu da ikuskizuna. Ziurrenik inoiz ez zen izango hainbeste zumaiarrek aldi berean parte hartzen duten pareko ikuskizunik. Ia 100 pertsona izango dira emanaldi handiaren egunean Aitzuri pilotalekuan jarriko duten taula gainean: 53 dantzari, 35 musikari eta lau abeslari –Jon Urbieta, Maria Martinez, Jone Urbieta eta Aitzol Ibarloza–, talde teknikoko kideez gain.

Aurreko emanaldian –Queen taldearen inguruko emanaldia eskaini zuten azkena, 2019an, Maiatza Dantzan egitasmoaren barruan– kanpoan geratu zen jende asko. Aurten bi emanaldi eskainiko dituzte, 18:00etan, lehena, eta 20:00etan, bigarrena.

Ziurrenik inoiz ez zen izango hainbeste zumaiarrek aldi berean parte hartzen duten pareko ikuskizunik.

Emanaldietarako gogotsu daude parte hartzaileak, baina egun handia iritsi bitartean, koreografiak prestatzen, dekoratuak egiten eta musika entseatzen jarraituko dute.

ABBAren itzulera

Zumaian egingo duten ikuskizunak talde suediarraren itzulerarekin bat egingo du. 40 urtean disko berririk atera gabe –1981 The Visitor izan zen azkena–, Voyage diskoa plazaratu du Suediako laukoteak. Popak mundu mailan eman duen talde garrantzitsuenetako bat da ABBA inongo zalantzarik gabe, eta orain ia mende erdi konposatutako abestiak oraindik etengabe entzuten dira: Dancing Queen, Knowing me, knowing you edo Chiquitita poparen historiara pasatu dira. Diskorik ez dute atera lau hamarkada horietan, baina Benny Andersson eta Björn Ulvaeus konpositoreak ez dira geldirik egon – Anni-Frid Lyngstad eta Agnetha Fältskog abeslariak dira laukotearen beste bi kideak– eta ABBA marka erabiliaz Mamma mia! bezalako musikal arrakastatsuak sortu dituzte. Orain, inork espero ez zuenean, ABBA itzuli da disko berri batekin. Hologramen bidezko bira ere egingo dute. Ez dira, ez, geldirik egotekoak suediar hauek.

FITXA

  • Abeslariak: Jone Urbieta, Maria Martinez, Jon Urbieta eta Aitzol Ibarloza.
  • Astindu Dantza Elkartea.
  • Zumaiako Udaleko Musika Banda. Zuzendaria: Josean Pascual.
  • Koreografoa: Pavis Beiras.
  • Antzerki zuzendaria: Esti Curiel.
  • Musika zuzendaria: Joxe Mari Azkue.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide