Ihes egin die Gernikako erronkak Goikoetxeari eta Lopezi

Juan Luis Romatet 2021eko abenduaren 19a

Argazkiak: Jai Alai News

Zumaiako bikoteak zesta punta erronka jokatu zuen atzo Gernikako Katedralean. Aurretik, lehenbizikoz xisterako jaialdi profesional batean, emakumezkoen partida jokatu zen. 

Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez puntista zumaiarrek bikotea osatu dute Gernikako frontoian jokatutako erronkarako. Aurrean Erkiaga eta Lekerika izan dituzte, maila oso onean dauden bi pilotari. Partida irabazteko faborito bezala atera dira zumaiarrak, baina garbi zegoen bizkaitarrek ez zietela gauzak erraz jarriko. 

Lehen setean, hirunako berdinketaren ondoren, bizkaitarrek aurrea hartu dute markagailuan; zumaiarrei kostatu egin zaie partidan sartzea. 11-4 emaitzarekin jarri dira Erkiaga eta Lekerika aurretik, eta erraz irabazi dute seta 15-6 emaitzarekin.

Bigarren setean hobeto aritu dira Goikoetxea eta Lopez, eta ia berehala 0-6 jarri dira aurretik. Gorriak aldea murrizten joan dira (4-7), baita zazpina berdindu ere. Berdintasun handia izan da seteko une horretan, eta bi bikoteak egon dira uneren batean markagailuan aurretik (7-8, 10-9, 10-11). Dominatzaile garbirik gabe, hamalauna ere berdindu dute bi bikoteek, baina azkenekoa Iñakiren eta Imanolen aldekoa izan da, eta, hala, bigarren seta eskuratu dute.

Berdinketa hausteko set laburrean denetik izan da: tanto onak, baita akatsak ere. Bana, bina, eta hiruna berdinduta egon ondoren, 5-3 emaitzarekin irabazi dute seta, partida eta erronka Erkiagak eta Lekerikak.

Emakumeen finaleko errebantxa

Emakumeen zesta punta partidarekin hasi da Gernikako Katedralean jaialdia. Izar handiak bezala jaitsi dira lau pilotariak, banan banan, harmailetatik, bertaratutako zaletuen txalo artean. Munduko txapelketaren finaleko errebantxa izan da jokoan: alde batetik, Zumaiako Pilota Elkarteko kide Maite Ortiz de Mendibil eta Eneritz Lizardi munduko txapeldunak, eta bestetik Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabal txapeldunordeak. Azken hauek hobeto moldatu dira Gernikako frontoi luzean; 57 metroko luzera du Gernikako Katedralak, eta emakumezko pilotariak ez daude ohituta hain frontoi luzean jokatzera. Partidako bi setak irabazi dizute Arakistainek eta Aldazabalek: 10-15 eta 8-15.

Pilotari gazteak dira, laurak adin txikikoak oraindik, baina ondo moldatu ziren halako eszenatoki garrantzitsu batean. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide