Klarinete Maratoiaren balorazio “guztiz positiboa” egin dute antolatzaileek

Juan Luis Romatet 2021eko abenduaren 20a

Argazkia: Sapere Aude Sinfonietta

Abenduaren 8tik 12ra bitartean egin da Zumaian Klarinete Maratoia. Kultura eta hezkuntza uztartzen dituen ekimen honen hogeigarren edizioa izan da aurtengoa, eta Sapere Aude Sinfoniettak, maratoiaren antolatzaileak, balorazio “guztiz positiboa” egin du. “Klarinete eskolez gain, erakusketa, Clarinet Clinic saioak, lutheria, emanaldiak, lehiaketa, edota adin guztientzako kontzertu bikainak” izan direla nabarmendu dute.

Carlos Casadók gidatutako ikastaroak izan dira egun horietan, baita publikoari zuzendutako kontzertu eta emanaldiak ere. Sapere Aude Sinfonietta berak emandako kontzertuarekin hasi zen Klarinete Maratoia, abenduaren 8an. Geri, Ágora Kontzertua –hainbat musika eskolatako eta kontserbatoriotako ikasleek eskainitakoa—, Laukote Kontzertu-Lehiaketa, WorkShop eta Tribute To Chiri izan ziren egun horietan. Azken emanaldi horrrekin, “Klarinete Maratoian sorturiko Urval Ensembleko kideek eta hainbat gonbidatuk duela gutxi jubilatu den Jose Miguel Chirivella, Euskadiko Orkestrako lehenengo klarinete bakarlaria, omendu” zutela gogoratu dute antolatzaileek.

Garai arrarotan bizi gara, eta pandemiak ere eragina izan du maratoian. “Legazpiko Musikari Gazteak eskaini behar zuten kontzertua bertan behera geratu zen, Legazpiko taldekide asko konfinatuak izan zirelako bezperan”.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “adin guztietako Kontserbatorio eta Musika Eskola askotako ikasleak hurbildu dira Zumaira egun hauetan; 60 izen-ematetik gora izan dira, leku ezberdinetatik etorritakoak: etxekoez aparte, Lakuntza, Irurtzun, Irun, Iruñea, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Villodas, Legazpi, Andoain, Errenteria, Zarautz, Azpeitia, Mutriku eta Aretxabaleta bezalako herrietakoak, besteak beste”. “Askok errepikatu egiten dute eta beste batzuk estrainekoz etorri dira, baina hurrengo urtean bueltatzeko asmoa azaldu dute, nahiz eta egunerokotasunagatik mugitzeko malgutasun arazoekin topatu”, azaldu dute Sapere Aude Sinfoniettako antolatzaileek.  

Publiko zabalera eskainitako ekitaldietan ere jendearen harrera ona izan dela azpimarratu dute. “Bitxikeria moduan, aipatu behar da kanpotar ugari inguratu direla eta guztiek harridura erakusteaz gain, eskerrak ere eman dizkigutela honelako ekintzak aurrera eramateagatik”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide