Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruzko asteleheneroko txostena. Ostegunaz geroztik, igoera nabarmena izan du Zumaiako intzidentzia tasak, ia 300 puntukoa. Ostegunean 936,21ekoa zen, eta 1.200,77koa da gaur. 67 positibo izan dituzte lau egunean.
Urola Kostako datuei dagokienez, lehengo lepotik burua. Ostegunaz geroztik, 387 positibo atzeman dituzte. Joan den asteleheneko txostenak zekarren datua baino hobea da, orduan 31 gehiago baitziren zenbatutako kasuak. Dena dela, oraindik ere oso handia da kopurua.
Zarautzen hauteman dituzte kasu gehien, lau egunean 114 hain zuzen, baina hango intzidentzia tasak apenas izan du gorabeherarik ostegunetik hona: 1.683,30ekoa zen orduan, eta 1.699,15ekoa da gaur. Azpeitian, berriz, ia 300 puntu jaitsi da, 2.660,97tik 2.385,02ra, lau egunean 74 positibo baieztatuta. Asteak zeramatzan eskualdeko tasarik altuenaren jabe —5.000 biztanletik gorako herrien artean—, baina jaitsiera horri esker, Orio kokatu da zerrendaren buruan. Kostako herri horretan, 41 positibo izan dituzte azken lau egunotan, eta 2.641,88koa da intzidentzia tasa. Aipatzekoa da, hala ere, ostegunean ere tasa horixe bera zuela. Azkoitiko tasa egonkor mantendu da: 1.418,68koa zen ostegunean eta 1.435,35koa da gaur; 32 positibo izan dituzte han.
5.000 biztanletik beherako herriei dagokienez, Zestoak ditu zenbaki kezkagarrienak. Lau egunean 33 kasu baieztatu dituzte han eta 2.593,73koa da intzidentzia tasa. Aian hamar kasu izan dituzte, Getarian bederatzi, Aizarnazabalen lau, Beizaman bi eta Errezilen bat.
ZIUetan, ehundik gora
Hego Euskal Herrian, berriz, 2.135 positibo atzeman zituzten atzo. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19ak jotako 324 lagun daude ospitaleratuta, duela astebete baino hamalau gutxiago. Aldiz, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) 105 lagun daude, joan den astelehenean baino hamalau gehiago.