ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur Zumaiako Osasun Zentruko langileek eguerdi partean. Eten bat egin, eta anbulatorioko atarira atera dira osasun sistema publikoak, eta bereziki, lehen mailako arretak bizi duen egoera salatzeko. Herritar batzuek ere bat egin dute langileekin mobilizazio honetan.
Pandemiak egoera okertu badu ere, elkarretaratze hauek deitu dituzten sindikatuen arabera arazoa aspalditik dator: "izurriteak eztanda egin zuenerako, lehen mailako arreta azken arnasan zen. Problemak egiturazkoak dira, gaur egungo krisialdiak ekarri dituenak baino are zaharragoak eta sakonagoak". Edonola ere, pandemiak nabarmen larriagotu duela onartzen dute: "Sektoreko langileen baldintzak askoz prekarioagoak dira orain, baita herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea ere". Hori bakarrik ez, sindikatuek gaitzetsi dute agintariak "aitzakia" gisa ere ari direla erabiltzen pandemia, "Osakidetzan murrizketak egiteko eta pazienteek lehen arretarako duten irisgarritasuna zailtzeko".
Sindikatuen esanetan, "lehen mailako arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat behar da, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegitearekin kontrajarrita".
Iluntzean beste elkarretaratze bat egingo da anbulatorio aurrean, 19:00etatik aurrera, osasungintza publikoaren indartzea eskatzeko.