Dena prest XI. San Silvestre lasterketarako

Aritz Mutiozabal 2021eko abenduaren 27a

Adinaren arabera banatu dute proba, eta izena emateko txartelak Lubaki kiroldegian, Turismo Bulegoan eta Alondegian jaso daitezke.

Abenduaren 31n, datorren ostiralean, urteari saltaka eta irristaka agur esateko aukera ezin hobea izango da beste behin. Izan ere, XI. San Silvestre lasterketa egingo dute Zumaian, eguerdi partean, eta adinaren arabera hainbat proba antolatu dituzte. Lasterketak ez du sailkapenik izango, eta parte hartzaile guztien artean Gertu elkarteko bonuak zozkatuko dituzte.

Izen-ematea doakoa da, eta horretarako Lubaki kiroldegian, Turismo Bulegoan eta Alondegian –liburutegitan eta harreran– eskuragarri dauden txartelak jaso beharko dira. Ondoren, txartel horiek beteta, irteera-helmuga izango den Gernika parkeko buzoian sartu beharko dute parte hartzaileek.

Proba adinaren arabera:
  • Haurrak (LH1-LH2-LH3-LH4): 250 metroko lasterketa (Ludotekatik irteera), 11:00etan.
  • Haurrak (LH5-LH6): 1.100 metroko lasterketa (Gernika parketik), 11:00etan.
  • Haurrak (DBH1-DBH2): 1.500 metroko lasterketa (Gernika parketik), 11:00etan.
  • Nordic Walking, 11:30ean.
  • Helduen patinak eta korrika (Gernika parketik), 12:00etan.

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, musukoa erabili beharko da irteera aurretik eta amaitzean ere.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide