Udaleko Kultura sailak prest du urtarrilaren 5eko Errege Magoen desfilea, "eragile eta herritar ugariren laguntzarekin eta bizi dugun egoerara egokitzeko neurriak hartuta".
Segurtasuna bermatzeko honako aldaketak egin dituzte: batetik, urtarrilaren 4an ez dute gutunik bilduko erregeek. Postontziak jarrita daude Gernika parkeko Beheko estazioan, eta han utzi behar dira. Bestetik, ez da goxokirik banatuko, eta Jaiotzarik ez dagoenez, ez da adorazio unerik egongo.
Aldaketa handiena, ordea, ibilbideari dagokiona da, hori luzatu egingo delako: hitzordua 18:30ean da. Errege Magoak itsasontzian etorriko dira. Behin Itsas kiroldegian lehorreratuta, desfileari ekingo diote. Ludotekatik irtengo dira eta Alai aldera joko dute, gero Aita Mari auzunetik pasa eta Patxita Etxezarretatik moilara iristeko; Moila, Erribera kalea eta Beheko plazan gelditu gabe, berriro Ludotekara abiatuko dira. Arduradunek jakinarazi dute Ludoteka ingurua itxi egingo dela, bertan erregeei ongietorria emateak sor ditzakeen jende pilaketak saihesteko.
Azkenik, "zoritxarrez" ezingo da adinekoen egoitzetara edo hala eskatzen duten gaixoen etxeetara bisitarik egin aurtengoan.