Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak duela minutu batzuk argitaratu ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta inoizko daturik beltzenak utzi ditu. Izan ere, Urola Kosta eskualdean bakarrik 1.220 positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan, eta herri guztietan, txikietan zein handietan, hiru milatik gorakoa da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa.
Zumaian 146 kasu izan dira, —29, 56 eta 61 egunez egun—, eta hango intzidentzia tasak ere etengabe goraka jarraitzen du; uneotan, 3.612,50ekoa da tasa.
Positiborik gehien Azpeitian atzeman dituzte: 359. Astelehenean 79 kasu izan ziren, asteartean 117 eta atzo 163. Horrenbestez, tasa metatua 2.976,35etik 4.809,46ra igo da; hau da, ia bi mila puntu egin du gora hango tasak. Zarautzek oso gertutik jarraitzen dio, han 254 kasu izan baitira —65, 80 eta 109 egunez egun—, eta intzidentzia tasa 3.190,99koa da uneotan. Azkoitian ere egoera ez da askoz hobea, 237 kasu hauteman baitituzte —45, 43 eta 149 egunez egun—, eta tasa 3.580,07ra igo da.
Bost mila biztanletik gorako herriekin jarraituta, Orion 63 kasu izan dira —12, 29 eta 22 egunez egun—, eta 3.114,81ekoa da tasa. Bost mila biztanletik beherako herrietan ere egoera ez da askoz hobea; Zestoan, esaterako, 73 kasu izan dira azken hiru egunetan, eta eskualdeko intzidentzia tasarik altuena du gaur-gaurkoz: 4.879,30. Gainontzeko herrietan, honakoak dira hautemandako positiboen kopuruak eta tasak: Getarian 45 positibo eta 3.074,20ko tasa; Aian 23 positibo eta 3.173,80ko tasa; Aizarnazabalen hamaika positibo eta 4.291,29ko tasa; Errezilen zazpi positibo eta 2.576,49ko tasa eta Beizaman bi positibo eta 4.032,26ko tasa.
Hego Euskal Herrian, 15.287 kasu
Eskualdean ez ezik, Hego Euskal Herrian ere nabarmen egin dute gora positibo kasuek, eta 15.000 positiboren langa gainditu dute egun bakar batean. Osakidetzak 33.388 PCR eta antigeno proba egin zituen atzo, eta horietatik 11.712 izan ziren positiboak —5.487 Bizkaian, 4.686 Gipuzkoan eta 1.403 Araban—. Osasunbideak, berriz, 3.575 positibo hauteman zituen atzo egindako 9.606 probetan. Positibotasun tasari dagokionez, berriz, %35,1 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %38,4 Nafarroan.
Ospitaleetan ere gora egin du gaixoen kopuruak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 570 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik 115 daude ZIUetan. Nafarroan, berriz, 184 eri daude ospitaleetan, eta 25 dira ZIUetan daudenak.