Eusko Legebiltzarrean COVID-19aren izurriaz aritu da gaur hizketan Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Hark adierazi duenez, osasun sistema publikoan “agerikoa” da tentsioa oraindik ere, eta abenduaren 28an ezarri zuten protokoloan hainbat aldaketa egingo dutela aurreratu du.
Farmazietan saltzen dituzten antigeno testetan positibo eman duten herritarrei ez die beste probarik egingo Osakidetzak; positibo ematen duten herritarrek bakartu egin beharko dute berehala. Orain arte Osakidetzaren webgunean eman behar zuten positiboaren berri herritarrek, baina orain ez dute halakorik egin beharko. COVID-19a tarteko herritarren osasun egoerak “okerrera” egiten duenean artatuko ditu Osakidetzak horiek. Gainera, webgunea erabili beharko dute gaixotasun baimena behar dutenek.
Sagarduik azaldu duenez, positibo izateko probabilitatea “oso altua” delako hartu dute erabaki hori. Halaber, hark esan du protokoloan aldaketak egingo dituzte lehen mailako osasun arretako lana “arintzeko” eta paziente “zaurgarrien” arta lehenesteko.
Ikasgeletan ere aldaketak
Ostiralean batzuk, eta gaur besteak, baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe guztiak martxan dira dagoeneko. Eskoletako haurrek positibo ematen duten kasuetan modu batera jokatu izan du Osakidetzak oraintsu arte, baina gaurtik irizpidea beste bat izango da: ikasgelan kasuren bat baldin badago, ez dute hango jarduna etengo.
Umeek, beraz, ez dute probarik eta berrogeialdirik egin beharko, ez dira kontaktu estutzat hartuko, ikasgela positibo bat edo batzuk agertuta ere. Dena den, gaixotasunen bat –minbizia, gaizki kontrolatutako diabetesa, desnutrizioa, giltzurrunetako gaixotasuna, transplanteren bat…– duten eta zaurgarriak diren umeak izango dira salbuespena.