Garia
Liburu edo paper zaharretan bakarrik ez, zumaiarren ahotan ere entzun daiteke oraindik garia lantzen zeneko kontuak, eta bereziki ahotsak.eus-en. Bartolo Etxabe Olidenek zioenez, garia eta artoa egiten ziren Oikiako erriberetan, hirutik bat garia, eta sanpedroetatik aurrera ebakitzen zen; Gillermo Urbieta Etxaberen hitzetan, berriz, Zumaiatik hasi eta Elorriagaraino gari pila bat egiten zen, Andikarako zabalduan, Pikoten, Endañetan…, eta uztailean sailak hori-hori egoten ziren. Angel eta Xanti Osa Arrizabalaga Añeza anaiek ere gogoan zituzten garai haiek, eta esaldi bat ere bai, azaroan ereinda noiz heltzen zen garia: “Txikia banintzan, handia banintzan, maiatzean burutan nintzan”; alea kentzeko, garia eguzkitan berotzen edo lehortzen eduki eta “txanketa”-ren kontra jotzen zen, dinbi-danba; gero, makina batekin ere jotzen hasi ziren, “matxaka”-rekin, eta XX. mendearen hasieran, lokal bat jarri zuten propio horretarako, Patxita Etxezarreta kalean; garia jasotzeko eta jotzeko lanak auzolanean egiten zituzten, elkarri lagunduz. Gure ama Brigida Ibarbia Ugarteren hitzetan, gari jotzea lan zikina zen, hautsagatik, eta garia jotzeko txanketa bi harri lauza ziren; han jo eta jaulki edo libratu egiten zen alea; gero, handik garia sabaira eramaten zuten, gordetzeko. Azkenik, Jexux Iruretagoiena Lafuente Baxakartek ere ederki kontatzen zituen Baleike batean gari kontuak: hasieran igitaiarekin ebakitzen zutela eta gero segarekin, jasotzean gabikoak (bi eskukada beteko gari sortak) egiten zituztela, hasieran eskuz jotzen zutela txanketan eta gero etorri zela matxaka makina, garia jotzeko makinarekin baserriz baserri ibiltzen zirela batzuk (Agerre handia eta Lore)…
Udal paperetan ere gari arrasto ugari azaltzen dira. 1850ean, Udalak auzolana deitu zuen kaleak konpontzeko: “acordaron que todos los moradores de esta villa y su jurisdicción menos los absolutamente pobres contribuyan con sus trabajos personales en dos días consecutivos, tan pronto como se concluya la siembra de trigo”; beraz, garia ereiteko lanetan zumaiar asko aritzen ziren. Baina are erreferentzia gehiago daude XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, zenbait herritarrek urtero baimena eskatzen ziotelako Udalari egun batzuetan garia jotzeko leku publikoetan, batik bat Odieta frontoian eta Madariagaren etxeko arkupean (Arlabetan, gaur egun “Arkupe” okindegia dagoen lekuan); normalean, Udalak baietz erantzuten zien, baina baldintza batzuekin: denbora jakin baterako, lurra lehen zegoen bezala uztea, txanketa ez erabiltzea…; beste batzuetan ezetz ere erantzun zuen, ordea, auzokoak kexatu egiten zirelako. Baina herrigunean ez ezik, landa eremuan ere baziren garia jotzeko leku gehiago, larrainak izenekoak, normalean leku lauak, zoru gogorrekoak edo batzuetan zorua harriz estaliak. Baxakartek ederki deskribatzen du:
“Larraña garia jotzeko lekuak izena dik. Hortik zetorrek Larrañaga. Lur lehor gainian dana garbi-garbi ein, harrizko losa zapal bat erdi-erdian jartzen huan eta hiru edo lau lagunen artian garia losaren kontra jotzen huan. Eskuan gabikoa hartu eta zirti-zarta harrien kontra kristonak ematen segi. Eta danak lanian. Batzuk garia ekartzen, besteak jotzen. Garia alde batera eta lastoa bestea bota eta batzuk garia jasotzen eta besteak lastoa sapaira eamaten”.
Horrelakorik ez daukagu gaur egun Zumaian, baina Oikian bada toki bat Larrain izenekoa, Epelola baserrien aurreko erriberan, eta duela hilabete batzuk Zumaian sortu zen euskara taldeak Larraina du izena.
Gariaren beste lekukotza bat Georges Barbarin idazle frantsesak eman zigun Jesusa Gipuzkoakoa liburuan; eleberrian kontatzen duenez, XX. mendearen hasieran, Zumaia inguruko baserrietan garia bildu berria zuten; ekaitza etorri zen, ordea, eta euriak garia erriora eraman zuen; orduan, txalupetatik “gari arrantzan” aritu ziren zumaiarrak.
Gariarekin ari garenez, aipatu beharko ditugu garia ehotzeko lekuak, errotak, horietatik bakarra ere ez baitzaigu geratzen martxan, zoritxarrez: Mareaerrota edo Zubiaurrekoa, Zumaiako herrigunean; Narrondokoa; eta Oikian ere baziren batzuk: Dornutegikoa, Mantzizidorrekoa, Errotagain, Errotaberri eta Ozpidekoa.
Azkenik, poz txiki bat: zorionez garia ikusi ahal izan genuen Santiagoko erriberan, 2017an.
Tabakoa
Beste herri batzuetan bezala, Zumaian ere landu zen Zumaian 1930eko hamarkadatik aurrera, 30 urte inguruan, batez ere Oikiako erriberetan. Desagertzeko arrazoiak, berriz, batez ere bi izan ziren: bata, baserritarrak beste lan jarduera batzuei heltzea (batez ere lantegietan); bestea, landareak kaltetzen zituen gaitza, lizun urdina izenekoa.
Oikiako baserri askoren lurretan lantzen zen tabakoa: Kondekoan, Epeolazpikoan, Pikaondon… Gure amak, Brigida Ibarbia Ugartek, ondo gogoan dauzka garai haiek, eta ahotsak.eus-erako kontatu zituen. Horrela, Konde baserrikoak arduratzen ziren Oikiako landaketez. Haziak Administrazioak ematen zizkieten, eta hazitokian jartzen zituzten; garia jasotakoan, lur haietan landatzen zituzten hazitokiko kimuak; tabako landarea handitutakoan, aizkorarekin edo igitaiarekin mozten zituzten, eta hiru hilabete inguru edukitzen zituzten lehortzen, sabaian; hosto batetik bestera aldea zegoela kalitatean; nola jartzen zituzten fardoetan kirten gogorra zeukatelako eta nola eramaten zituzten trenez, Iruñera… Baserrian ondo etortzen zitzaien diru hura, negualdean, Gabonetatik udaberrira, bestelako gutxi zegoelako…
Lupulua
Denok dakigu zer den zerbeza, baina gutxiagok zer den lupulua; zerbezazalea izanez gero, seguru asko bai, ordea; izan ere, zerbeza egiteko osagai nagusietako bat da. Baina are gutxiagok jakingo dute garai batean gure inguruetan landu zela eta gaur egun ere hurbil aurki daitekeela.
Baina zer da lupulua? Landare bat da, igokaria (zurtoinak zazpi/zortzi metro egin ditzake gora) eta garagardoari zaporea emateko erabiltzen da; landaretik lorea jasotzen da, eta lehortuta, zerbeza egiteko erabiltzen da. Euskal Herrian lantzeko arrazoi nagusia II. Mundu Gerra izan zen; izan ere, 1944an, gerra zela-eta, Alemaniatik ez zen lupulurik iristen zerbeza egiteko, eta Espainiako gobernuak lupulua lantzea bultzatu zuen.
Gure amak adierazi digunez, Oikian, gure attitta Manuelek landatu zuen, 1955 inguruan, baina urte bakarrean. Ubide baten ondoko bi soroak hartuta, kanaberak gurutzatuta arku moduan jarri omen zituen, lupuluaren aihenak gora egin zezan. Lan handia eman omen zien, eta ez omen zuten berriz ere egin.
2021ean, lupulu saila ikusi nuen Getariako Alikante baserritik Kamineroetara jaisteko bidearen ondoan.
Ongarri bereziak
Zumaiar askorentzat baratzerako oso lagungarria izan da itsasoa, batez ere ongarriak eskuratzeko. Izan ere, hainbeste ongarri kimiko eskura ez zegoenean, bestelako batzuk erabiltzen zituzten: hondakin organikoak, animaliek jaten ez zituztenean, baratzeko ertzen batean pilatzen zituzten (orain konposta deitzen zaio) eta gero lurrean zabaldu; itsasoak Itzuruna ekarritako oroldia pilatu eta karroetan soroetara eramaten zituzten, lurrarekin nahasteko; kontserba lantegietako arrainen hondakinak (buruak, tripak…) ere baratzean zabaltzen zituzten.
Jarduera horietako batzuk, ordea, ez zituzten jotzen oso osasungarritzat, eta Udaleko Osasun Batzordea behin baino gehiagotan ahalegindu zen horiek debekatzen edo mugatzen: 1880an, beste neurri batzuen artean, hauxe eskatzen zuen: “Que las algas marinas depositadas en Itzurun las retiren sus dueños inmediatamente a sus heredades, siempre que estas estén situadas en puntos que no perjudiquen a la salubridad, cubriéndolas en todo caso con tierra”; 1886ean, beste hau: “La Junta acordó hechar un bando advirtiendo a los vecinos de esta, de que la anchova que traen para abono lebanten desde los muelles antes de las 6 horas y que en la heredad sean enterrados”; eta, azkenik, egun batzuk geroago, Gipuzkoako Sanidadetik, hauxe adierazi zioten Udalari: “no puede prohibirse que se recojan las algas para dedicarlas a abono o estiércol, pero sí que estas se coloquen en sitios próximos a la población”.
Amaiera Hau da Orduan bai atalaren azkena. Oraindik badago zer kontatua, baina etorkizunerako utziko dugu; izan ere, nekatu egin naiz. 2018ko maiatzean hasi ginen, “Zaborrik ez zegoenean…” artikuluarekin, eta harrezkero hutsegite handirik gabe izan gara hemen, orduko kontuak kontatzen; egindakoari begiratuta, uzta oparoa izan da. Orain atseden hartzeko eta batez ere beste zerbaiti heltzeko gogoa daukat. Eskerrik asko era batera edo bestera atal hau osatzen lagundu didazuen guztioi, eta bereziki Javier Carballori, argazkiak emateagatik; Xabier anaiari, ohar eta zuzenketengatik; eta Kattani, irakurlearen begietatik gainbegiratzeagatik. Plazer handia izan da. |