Oso pareko aritu dira jokoan bi taldeak. Indartsu hasi dira suediarrak jokoan, baina Espainiako selekzioak aurrea hartzea lortu du atsedenaldiaren aurretik; 12-13 emaitzarekin amaitu da lehen zatia Espainiaren alde.
Bigarren zatiaren hasieran nagusitasuna erakutsi badute ere, defentsan estu hartu dituzte suediarrek. Partidaren azken segundoetara arte ez da argitu nor izango zen Europako eskubaloi txapelduna. Azken jokaldian egin dio ihes Espainiako selekzioari garaipenak. Bazirudien berdinketarekin bukatu zela partida, baina denbora beteta zegoela, Suediak garaipenaren gola erdietsi du penaltiz (27-26).
Suediaren aurkako finalerako deialdian sartu du Jordi Ribera hautatzaileak Kauldi Odriozola. Lehen zatian bi minutu jokatu ditu zumaiarrak, epaileek Aleix Gomez kaleratu dutenean. Zilarrezko dominarekin itzuliko da zumaiarra Budapestetik (Hungaria).